GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Nanogune zentroa abian jartzea

«Nanoteknologiari probetxu aterako ez dion sektorerik ez da»

p006_f01.jpg

Jose Maria PIKARTE

Nanoguneko zuzendari nagusia

1960an Bilbon jaioa, Fisikan katedraduna da. Ikertzaile lana baztertu gabe, orain bi urte erronka garrantzitsuari heldu zion: nanozientzia eta nanoteknologia arloetan puntako ikerkuntza egingo duen Nanogune zentroaren gidaritza bere gain hartzea. Urtarrilean egingo dute inaugurazio ekitaldi ofiziala, baina jadanik zentroaren egoitzan dira hura atontzen eta mundu osotik erakarri dituzten ikerlariei ongietorria ematen.

Maider EIZMENDI |

Nanogune zentroak nanozientzia eta nanoteknologiaren ar-loan ari diren erakundeen lana koordinatzea du helburu, baita orain arte jorratu ez diren ikerketarako espazio berriak zabaltzea ere. Bide horretan, puntako ikerlariak erakartzea lortu du.

Egoitzan zaudete jada, esan al daiteke Nanogune abian dela?

Eraikina bera Nanoguneren oinarrizko lehen urratsa da. Proiektu hau abiatu zenean, orain bi urte, hiru lehentasun genituen: batetik, nazioarteko aholkularitza batzordea eratzea; bestetik, mundu osoko puntako ikerlariak erakartzea; baita, hirugarrenez, puntako instalazioak sortzea ere. Bide horretan egin dugunaren pareko azpiegitura ezinbestekoa zen. Beraz, eraikin berezi hau izatea, gure funtzionamenduaren lehenengo oinarrietako bat izan da, bertan puntako instalazio horiek kokatzeko. Izatez, Nanoguneren benetako jarduera orain hasiko da. Guk Nanogune birtual deitzen duguna badago, inguruan nanozientzia eta nanoteknologia arloan diharduten taldeak badirelako, bai unibertsitatean, bai DIPCn (Donostia International Physics Center) edota zentro teknologikoetan... Baina Nanogune fisikoa abian jartzeko, eraikina behar genuen. Abenduaren 1ean ospatu genuen, hain justu, Nanoguneren «day one».

Jadanik lanean ari diren tal- deak aipatu dituzu, zein mailatan daude nanozientzia eta nanoteknologia Euskal Herrian?

Egun badaude inguruan talde bikainak, nanozientzia egiten dutenak, bai DIPCn, baita unibertsitatean eta zentro teknologikoetan ere. Gure helburua denak biltzea da. Oinarria badago eta beharrezkoa da hori koordinatzea. Horretaz gain, Nanogune fisikoak espazio berriak eskainiko ditu ikerkuntzarako, Euskal Herrian oraindik jorratu ez direnak.

Munduko puntako ikerlariak erakartzea izan dela zuen lehentasunetako bat aipatu duzu. Zer-nolako taldea osatu duzue?

Hautaketa nahikoa prozesu korapilatsua izan da. Zentroan bost talde -Nanomagnetismokoa, nanooptikakoa, automihiztadurakoa, nanobioteknologiakoa eta nanodispositiboena- osatu ditugu, bakoitzak buru bat duela (Andreas Berger, Rainer Hillenbrand, Alexander Bittner, Igor Nabiev eta Luis Hueso). Zientzialari hauek erakartzeko nazioarteko hainbat zientzia aldizkaritan, «Nature»n, «Science»n... jarri genituen iragarkiak eta e-mail bidez ere jakinarazi genuen gure asmoa. Hainbat kontaktu eta interesa zuen pertsonarekin egin genuen topo eta hautaketa egin genuen nazioarteko aholkularitza batzordearen laguntzarekin. Bakoitzarekin egun osoko proba egin genuen. Emaitzak onak izan dira, jende oso ona erakarri dugulako.

Erakargarri al zaie ikertzaileei Euskal Herrian ikertzea?

Kasu batzuetan, DIPC eta beste talde batzuk hemen egoteak lagundu egin du. DIPCk esate baterako, sona handia lortu du. Sarritan ikertzaileek ez dute joan nahi izaten zientzia arloan ezer egiten ez den lekuetara. Ikerlariak erakartzeko lagungarria izaten da zerbait egiten ari dela jakitea, baina batez ere proiektu erakargarria aurkeztu behar zaie, eta puntako ikertzaileak izateko behar dituzten baliabideak eskaini. Gainera, Donostia hiri gisa ere nahiko erakargarria da.

Ikerketa arduradunak kanpotarrak dira, kanpora joan beharra al dago ikertzaileen bila?

Gu mundura begira gaude, eta Euskal Herria munduaren barnean dago, denak onartzen ditugu hemen. Talde bakoitzean bost lagun daude: burua, doktorego ondoko ikertzaile bat, doktoregoa egingo duten beste bi eta teknikaria. Taldeburu eta teknikariena postu iraunkorrak dira, eta teknikariak nagusiki Euskal Herrikoak izango dira. Doktorego ondoko ikertzaileak nagusiki kanpotarrak izango dira, normala den moduan. Onuragarria da hemen tesia egiten dutenak kanpora joatea ikertzera eta, era berean, tesia kanpoan egin dutenak beste herrialde batzuetara joaten dira, tartean, geurera.

Tesia Nanogunen egingo duten ikertzaile gehienak bertakoak izatea nahiko nuke, hori ere gure eginkizunetako bat baita, haztegia izatea, bertako jendea heztea, beste toki batzuetara prestatuta joan daitezen. Edonola ere, beti onenak hartuko ditugu; hemengo doktoretza-ikasleak kanpokoak bezain onak badira, lehentasuna hemengoei emango diegu.

Zein harreman izango du Nanogunek Euskal Herriko industria sarearekin?

Proiektu hau bultzatu duena, batez ere, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila izan da, baita Gipuzkoako Diputazioa ere. Nanoguneren helburua ez da izango soilik ikerkuntza bikaina egitea, ez da izango nahikoa. Egiten denak eragina izan beharko du Euskal Herriko industria sarean. Teknologia transferentzia oinarrizkoa izango da; gainera, enpresa berrien sorrera ere ahalbidetu beharko dugu. Industrian eragina izanda, halaber, finantziazio pribatua erakarri beharko genuke, egun dugun finantziazio publikoaz gainera.

Zein arlotan sumatuko da gehien nanoteknologiaren ekarpena?

Nanoteknologiak arlo guztietan du eragina, sektore bat bera ere ez da egongo nanoteknologien aurrerapenei probetxu aterako ez diona. Hori da nanoteknologiaren ezaugarrietako bat, alegia, nonahikoa da, arlo guztietan txerta daiteke; baina bereziki aipatzen dira nanoteknologiak medikuntza, elektronika, garraio eta materialen arloetan ekar ditzakeen berritasunak.

Eta zientziaren dibulgazioan, zein leku izango du Nanogunek?

Nanoguneren ardatz nagusia punta-puntako ikerkuntza da, baina hezkuntza, nazioarteko kooperazioa, teknologia transferentzia, eta noski, komunikazioa ere bai. Gure helburuetako bat zientziaren eta gure jardueren hedapena da, baita, horrenbestez, lan horretan lagungarri izan daitezkeen jardunaldiak antolatzea ere.

Urruti al dago nanozientzia gizartetik?

Ez soilik nanozientzia, zientzia, oro har, gizartetik urrun dago. Tarte handia dago zientzia eta gizartearen artean eta tarte hori txikitzen saiatu behar dugu zientzialariok. Gizarteari ezin zaio eskatu zientziara berez hurbiltzeko; ikerlariok bultzatu behar dugu hurbiltze hori.

Puntako eraikina puntako izan nahi duen zentroarentzat

Txukuntzen, atontzen eta beharrezkoak dituzten tresneriak kokatzen ari dira azken asteetan Nanogunek Donostiako Ibaeta auzoan duen egoitzan. Bertan erabiliko duten tresneria punta-puntako da, 30 milioiko kostua du, eta, beraz, ingurua behar bezala prestatzea ezinbestekoa da. Orotara, 6.200 metro karratuko azalera du zentroak.

Nano eskalan aritzeko ezaugarri bereziak izatea beharrezkoa da. Instalazioen arduradun Gorka Arregik aditzera eman duenez, bibrazioak eta interferentzia elektromagnetikoak dira etsai nagusiak. Hori aintzat hartuta, laborategiak ahalik eta gehien babestu dituzte. Bada, ordea, «gela zurien» izenarekin bataiatu duten eremu berezia. 300 metro karratu ditu eta bertan hezetasuna eta tenperatura arretaz zaintzen dute, eta, lohitasunik egon ez dadila ere bai, arreta bereziz, gainera. Eremuko airearen garbitasuna bermatzeko iragazkiak ipini dituzte, gehiago edo gutxiago, airean egon behar duen partikula kopuruaren arabera. Horietako batean, esaterako, metro kubikoan 100 partikula baino gutxiago izango dira. Kontuan izan behar da badela milioi bat euro balio duen tresna bat, elektroien bidez litografia egitea ahalbidetzen duen aparailua.

Eraikinaren beherengo solairuan, beste bederatzi laborategi kokatu dituzte, talde bakoitzeko ikerlariek dituzten behar espezifikoetara egokituta.

Baina Nanogune hartu duen eraikina hori baino askoz ere gehiago da. Kanpotik duen itxura bereziari barruan dituen gune erosoak gehitu behar zaizkio: proiekzio gela, bertaratzen diren ikerlarien bilgune izango den «elkarrekintzarako eremua». Eraikinaren zati bat, gainera, hutsik geratuko da hasieran, etorkizunera izan dezakeen hedapenaren zain. M.E.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo