GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Heineken Kopa

Itxaropentsu jarraitzeko, garaipenak bakarrik balio du

Zuri-gorriak kinka larrian heldu dira laugarren jardunaldira. Gaur Cardiffen aurka galtzen baldin badute, aurrera egiteko ia aukerarik gabe geratuko dira.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA | BIARRITZ

Irabazteak besterik ez dio balio Biarritzi. Zuri-goriek final-laurdenak jokatu nahi baldin badituzte, eta azkeneko bi jardunaldietara horretarako aukerekin heldu nahi baldin badute, gaur arratsaldean lau puntuak eskuratu behar dituzte, eta ahal badute bost ere bai.

Cardiff taldea, multzoko sailkapenean lehena, helduko da gaur Agilerara. Pasa den larunbatean ere bi talde hauek elkarren aurka jokatu zuten, eta orduan galestarrek irabazi zuten, nahiz eta aldea txikia izan zen. Gaurko norgehiagokarako itxaropentsu izateko aukerak badaude. Pasa den partidan galdu arren, galestarrek ez zuten entsegurik egin, eta biarriztarrek bi. Joko aldetik ere orekatua izan zen. Gaur, 14.30etik aurrera etxean arituko direnez, zaleek garaipena ikusiko duten itxaropen osoa dute.

«Beraiek ez dute etxean bezala jokatuko. Era aldatu egingo dute, eta horrek guri ere jokatzeko era aldaraziko digu», esan zuen Jean Michel Gonzalezek, Biarritzeko entrenatzaileak. «Aspaldian euri asko egin du, eta zelaiak ez daude ongi. Gainera, gaurkorako ere euria iragarrita dago, eta horrek gauzak zaildu egingo ditu», erantsi zuen.

Entrenatzaile lapurtarrak hamabostekoa erabakita dauka, eta honako hau izango da: Coetzee, Noirot, Moala, Thion, Hall, lauret, Dridi, Hasrinortdoki, Cibray, Peyrelongue, Ngwenya, Traille, Bidabe, Bolakoro eta Thierry. August, Bourrust, Damiani, Vahafolau, Som, Cabannes eta Trainer aulkian geratuko dira.

Cardiffek ere hamaikakoa erabakita dauka, eta honako hau izango da: Blair, Halpenny, J.Robinson, Shanklin, G.Thomas, N.Robinson, Spice, M.Williams, A.Pawel, Molitka, Tita, Jones, G.Powel, G.Williams, eta Jenkins. Filise, Thomas, Morgan, Sowden, Allison, Sweeney eta James aulkian geratuko dira. Partida, 14.30ean hasiko da, eta Agilera estadiora joaterik ez duenak, Frantziako Canal + telebista katetik ikusi ahal izango du.

Aviron

Avironek ia ezinezkoa dauka European Challengen aurrera egitea, eta bihar 14.00etatik aurrera Saracens taldearen zelaian jokatuko duen partida ere zaila izango du. Gutxien jokatzen dutenek izango dute aukera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo