GARA > Idatzia > Iritzia > Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Kaka zaharra! Paper berria!

Krisi esaten dioten zer hori bazter guztiak dago jotzen, han-hemenka krisi propioak sortzen, Akropoli inguruan ere bai. Badirudi gaurko kapitalismoak bere hartu duela «munduko krisi guztiak, bildu gaitezen» leloa eta, hala, denak batera ari dira agertzen. Langabezia gora doa nonahi eta, egia esan, ez dakit zergatik; ekonomia materialista batean egonda, non geratu da fraideek irakatsi nahi izan ziguten «materia ez da sortzen ez ezerezten, eskuz aldatzen baizik» hura? Tira, gauzak horrela, kale gorrian amaitu dira polizia asko munduko hiri handienetan, bai, baina ez langabe geratu direlako, ez horixe gero!, inoiz baino lan gehiago dute-eta!, baizik eta langabe geratu diren beste asko jipoitzen ematen dutelako euren lanaldia, aparteko orduak eta guztiz. Baina bada salbuespenik, ustez, Bruselako ertzainak langabe geratu omen baitira. Hau dok/n hau! Krisi zer horrek papergintza sektorea bera ere hartu omen du; horrelaxe behintzat azaldu zuten lehengoan horko klusterreko buruek eusko Legebiltzarrean. Paperaren ekoizpena behera doa, nonbait paper zaharra birziklatzeak murriztu egin du paper berriaren produkzioa. Hala ere, bada salbuespenik horretan ere, paper-mota bakarra da ekoizpenean gorantz doana, etenik gabe: komuneko papera, higienikoa esaten zaion hori; hauxe kolpea gero!, ipurdirako papera izan eta higienikoa deitu! Sudurrak astintzeko balitz, sikiera! Tira, harira, ez nau berri horrek ezustean hartu, krisia krisi, kristo asko baitabil kale gorritik, langabe izan edo polizia izan, kaka zaharra! oihuka eta, jakina, hortik dator paper-klase berezi horren beharra. Kaka zaharrari paper berria, horra gaurko leloa. Paper-ekoizpenak basoak soiltzea ez duela zertan ekarri diote klusterretik, eta litekeena da hori. Beharbada basoen soiltze gehiago egurrezko masten ekoizpenak dakar, beheko estatuaren piperpotoa nonahi jartzeko duten apustu berrituarekin. Hara! eusko Legebiltzarrean ere bai! Amen. Eta, hauxe kolpea, barruan hau Espainia ez delakoan atzera botatzen hango vueltaciclista hemendik pasatzeko aukera. Eta bitartean tourdefrance Bilbotik ateratzeko eskaintza egin. Eta Pirinioetan etarrak bizikletaz zihoazela harrapatu. Ulertu? Negoziazio prozesu berri baten atarian garen seinale? Paper zaharrak beharko dira horretarako! Kaka berria ote?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo