Barakaldoko gune naturalak babesteko deia luzatu diete administrazio zein auzokideei
Ruben PASCUAL
Barakaldo Naturala plataformak antolatuta, Ezkerraldeko herri honetako gune naturalen defentsa galdegiteko manifestazioa egin zuten atzo.
200 lagun baino gehiagok parte hartu zuten mobilizazioan eta amaieran burututako irakurketan, plataformako kideek Barakaldoko gune naturalak jasaten ari diren «erasoak salatu zituzten».
Talde ekologistako eledunak azaldu zuenez, «70. eta 80. hamarkadetatik aurrera, sektore industrialaren beherakadak, Barakaldoko gune natural handiak berreskuratzeko aukera erreala ekarri zuen», baina «espekulazio urbanistikoan eta obra publikoan» oinarritzen den joera ekonomiko berriak «guztiz kontrako efektua» eragin duela salatu zuen.
Bere ustetan, Argalario mendia, Gorostitza eta Errekatxo auzoak, eta Sasiburu mendikatea Barakaldoren eta inguruko herrien «arnas-gune berdea dira» eta zonalde honek animalia, landare zein historiari dagokionez gordetzen duen «aberastasuna» azpimarratzeaz gain, barakaldarren aisirako lekua dela aldarrikatu zuen hizlariak.
Hori dela-eta, egiten ari zaizkion «erasoak salatu zituen». Lehenik eta behin, Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako Supersur errepidea kritikatu zuen «Argalario, Errekatxo eta Sasiburu zeharkatzen dituelako».
Ondotik, Gorostitza eta Errekatxo auzoetarako udalak onartu zituen eraikuntza proiektuak izan zituen hizpide, eta udalari «eraikuntza masiboa eta espekulatiboa egitea» leporatu zion.
Era berean, Espainiako Sustapen Ministerioak ezarritako Hegoaldeko Tren Saihesbidearen aurka egin zuten, Errekatxoko haranaren albotik igarotzeko diseinatuta dagoena eta «kalte ekologikoak nahiz barakaldarron bizi-kalitateari egindakoak esponentzialki handituko dituena».
Lakuari, Tellitu harrobia «berriro ustiatzen hasteko aurretiko baldintzak» betetzen hasi izana egotzi zioten. Harrobi hura «ilegalki eraiki zela eta herriaren mobilizazioari esker itxi zutela» gogoratu zuten.
Azkenik, Las Julianas auzoan «kontrolik gabeko zabortegi ilegala» martxan dirauela salatu zuten, «udalak hura ixteko agindua eman zuen arren».
Mobilizaziorako deia
Barakaldo Naturala plataformak, herriko eremu desberdinetako taldeek osatzen dutena (LAB, ezker abertzalea, talde ekologistak, Barakaldoko Gazte Asanblada eta Iratzarri, besteak beste), administrazio publikoei aipatutako proiektuak gelditu eta «gune naturalak benetan babesteko planak» egiteko exijitu zieten.
Barakaldoko auzotarrei ere, «sinadura eta mobilizazioen bitartez» aldarrikapen honen alde egitea eskatu zieten.
Beste alde batetik, udalaren jarrera gogor salatu zuen talde ekologistak, «soilik Barakaldo Naturalak sinatutako afixak kentzen aritu izan delako, bere eskumenetik kanpo zeuden lekuetatik ere».