GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Sekula baino indartsuago, UEMAk batzar nagusia egingo du larunbatean

Pasa den legealdian izandako arazo juridiko eta politikoak gaindituta, mankomunitateak emaitza adierazgarriak lortu ditu aurten, besteak beste, inoizko udal kopururik handiena batzea lortu baitu.

p017_f02.jpg

GARA |

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) batzar nagusia egingo du larunbatean Zestoan eta ekitaldia baliatuko du berresteko bere egitasmoa aurrera eramateko borondatea.

Gainditutzat eman du Zuzendaritzak 2003tik eta 2007rako legealdian izandako geldiunea, «arazo juridikoek eta politikoek kolokan eta noraezean» jarri baitzuten Mankomunitatearen jarduna. «UEMAko zuzendaritzako ekipo berriak, ostera, kolore ezberdinetako ikuspuntu politikoak elkarlanean jarri ditu eta emaitzak begi-bistakoak dira», ohartarazi zuten. Aurrerapausoen adibidetzat aipatu zituzten, esate baterako, aurten Mankomunitatean sartzea erabaki duten herriak: Otxandio, Mallabia, Areso, Atxondo, Azpeitia, Bergara, Basaburua eta Gaztelu.

Nahiz eta EAJk gestionatutako hiru udalek Mankomunitatearekin izandako harremana eten, orotara, 56 udal daude egun UEMAn, eta horrekin inoizko kopururik handiena erdietsi dute; beraz, «sekula baino indartsuago» daude. «UEMAk, gorabehera politikoen gainetik, aurrera eramango du bere egitasmoa, hau da, euskararentzat lur-eremu hegemonikoak lantzen jarraituko du, eta herritarrei euskaraz bizitzeko aukera bermatuko die», adierazi dute.

Zentzu horretan, Udal moduko erakunde paraleloak sortzea gaitzetsi zuten, euskararen berreskuratze prozesua zaildu baino ez duela egiten uste baitu UEMAk. «Foro guztietan euskara berreskuratzeak eskatzen duen elkarlanaz berba egitea eta, era berean, UEMA existituko ez balitz modura jarduteak, beste aldera begiratzeak edo aurka egiteak ez du ondorio onik ekarriko euskararen erabileran», ohartarazi du.

UEMAk ez du ahantzi nahi izan, halaber, Euskaltzaindiarekin eta herri mugimenduarekin elkarlana bultzatzeko berreskuratu duten konpromisoa. Hainbat erakunderekin hitzarmenak sinatu ditu, hala nola Kontseilua, Topagunea, Behatokia, Elhuyar, Iberba eta Plazagune eragileekin.

Gainera, Gipuzkoako Aldundiari esker hainbat proiektu aurrera atera direla gogora ekarri zuten: «Profesional euskaldunen gida berritu da, hainbat udal espediente egokitu eta euskaratu dira, kultur ekitaldiak ugaritu dira eta etorri berriak herritartzeko harrera hobetu da, besteak beste».

Aurrera begira ere proiektu sendoak ditu UEMAk eta guztien artean nabarmendu du hizkuntza politika ausartagoa eskatzea eta bultzatzea, «euskal gizarteak izan duen bilakaerari erantzunez». Hausnarketa egingo dute eta eztabaidatu, besteen artean, UEMAk zer izan nahi duen etorkizunean.

Larunbaten goizeko 10.00etatik aurrera Zestoako kultur etxean egingo duten batzarrean urteko balantzea egin eta datorren urterako egitasmoak eta aurrekontuak onartuko dituzte.

hitzarmenak

Aurten hainbat erakunderekin hitzarmenak sinatu ditu UEMAk, besteak beste, Kontseilua, Topagunea, Behatokia, Elhuyar, Iberba eta Plazagune eragileekin.

EAJ

Urtearen gaineko balorazio ona egiten badute ere, kritikatu egin dute EAJ gidatutako hiru udalek mankomunitatearekin izandako harremanak eten izana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo