Aiora Mitxelena Ezker Abertzalea legebiltzar taldeko kidea
Gazteen eskubideak bermatzeko legea behar da
Lege honek Euskal Herriko gazteen eskubideen kartan azaltzen diren aldarrikapen guztiak bermatu behar ditu. Horiek baitira gazteek gazteentzat erabaki dituzten eskubide eta aldarrikapenakEusko Jaurlaritzak aurkeztu duen Gazteriaren Lege proiektuaren helburua, ez da gazteen bizitza duina bermatzea, baizik eta adabaki bat jartzea.
Hasteko, salatu behar dugu legealdi honetako proiektu hau konpromiso bat izanik, eta oso gai garrantzitsua izanik, orain ekartzea Legebiltzarrera, behar den eztabaidarako tarterik eman gabe.
Gazteen Euskal Legea azaltzeko arrazoiak eta eginbeharrak zehaztean, gazteek duintasunean bizitzeko eta jendarteko agente aktibo izateko eskubidea bermatzeko proiektua dela azaldu du Jaurlaritzak, baina Legearen artikuluek ez diete modu eraginkorrean erantzuten aurrean ditugun erronkei, ez baitira bermatzen gazteen eskubideak. Hau da, adierazpen askatasuna, biltzeko eskubidea zein ideia eta iritzi askatasunean oinarritutako bizikidetza.
Bestalde, gazteek bizi-proiektu ezberdinak garatu ahal izateko beharrezkoak dituzten eskubide ekonomiko, sozial, kultural eta linguistikoak ere ez dira bermatzen. Hala nola etxebizitza eskubidea, lan eskubidea, formazio eskubidea, eskubide sozial eta politikoak, parte hartzea, gazteei dagozkien erabakiak hartzeko eskubidea eta gure herriaren orainaren eta etorkizunaren inguruan erabakitzeko eskubidea.
Hori dela eta, gazteei dagozkien erabakiak hartzeko eskubidea aurrera eramateko, euskal erabaki gunea eraikitzeko bitartekoak jarri behar dira lege honen bidez.
Ezker Abertzalea Legebiltzar Taldean, Gazteriaren Legea lantzeko eta osoko zuzenketa egiteko, gaur egungo gazteriaren egoera aztertu dugu:
Alde batetik, azken urteetan gazteriaren errealitateak aldaketa ugari izan ditu eta, horregatik, gazteen inguruko lege gaurkotua izan behar du. Jendartea aldatu den heinean, gazteen egoera ere aldatu egin baita. Nahiz eta aldaketa positibo batzuk gertatu diren, aldaketa oso negatiboak ere suertatu dira. Horiek gehienbat gazteen etorkizunarekin dute zerikusia; eskubideekin, lanarekin eta etxebizitzarekin.
Bestalde, gazteria munduan zehar izandako hainbat aldaketaren aitzindaria izan da. Hala ere, jendartearen motore izanik, ez zaio behar duen arreta eskaini jendartearen aldetik. Hala, egun euskal gazteria onetsi gabeko eskubideen taldea da.
Lege honek gazteek dituzten arazoei aurre egin behar die, irtenbide egokiak eskainiz. Hala, lege honek gazte orori duintasunean bizitzeko eskubidea bermatu behar dio. Lan munduan prekarietatea da nagusi gazteen lan-baldintzetan, eta lan duina bermatu behar zaie. Etxebizitza eskubideari ez zaio irtenbidea ematen, ez da alokairu sozialerako apusturik egiten.
Hezkuntza arloan ere, Gazteriak Euskal Herrian ikasteko eskubidea du. Ez da gazterik behartuko Euskal Herritik kanpo ikastera, herri honen garapenerako beharrezkoak diren edozein ikasketak gure herrian txertatuta egon behar baitu.
Gazteriak hezkuntzaren bidez euskaldundua izateko eta euskaraz ikasteko eskubidea du. Hezkuntza prozesuak euskararen ezagutza bermatu behar du. Halaber, euskaraz ikasteko eskubidea Euskal Herriko edozein lurralde zein ikas-adarretan bermatu behar da. Edozein gaztek hezkuntza prozesuan eragile aktiboa izateko eta parte hartzeko eskubidea du.
Emakume gazteek aukera berdintasuna izateko eskubidea dute. Gaztea eta gainera emakumea izateak eskubideen alorrean dituen urraketa kopurua handiagoa izanik, parekidetasuna helburu duen jendartea eraikitzeko bidean, bereizkeria gaindituz, emakumeek berdintasunean bizitzaren esparru guztietan esku hartzeko eskubidea dute. Lege honetan ez da aipatu ere egiten, eta beharrezkoa da emakume gazteen eskubide hauek bermatzea.
Lege honen zati handi bat gazteen aisialdia erregulatzeko erabili da. Baina planteatzen den aisialdia guztiz antolaturik egongo da, gazteak kontsumitzaile gisa ikusirik. Hori dela eta, gazteen autonomia murriztua dago, dena antolaturik dutelako, eta egin behar dutena zehaztua dagoelako.
Gainera, gaur egungo politika neoliberalak lehen aipatutako ondorio larriak ditu gazteengan, eta ondorio horiei irtenbideak eman behar zaizkie, hala nola jendarte-babes eredu propioa, soldata soziala eta abar eskainiz.
Lege honek Gazte Txartela aipatzen du gaur egun gazteek abantailak lortzeko modu gisa. Baina abantaila horiek oso eskasak dira. Hori dela eta, beharrezkoa da, zerbitzu publikoak doan izatea.
Gazteriak aisialdirako eskubidea du. Norberaren proiektua antolatu eta kolektiboarekin jarduerak trukatzeko eta ekimen bateratuak egiteko eskubidea du. Autogestioaren bidez aisialdia eta astialdia garatzeko zein astialdiko jarduerak baldintza egokietan kudeatzeko eta eskaintzeko beharrezkoak dituen baliabideak zein espazioak izateko eskubidea du.
Bukatzeko, Lege honek Euskal Herriko gazteen eskubideen kartan azaltzen diren aldarrikapen guztiak bermatu behar ditu. Horiek baitira gazteek gazteentzat erabaki dituzten eskubide eta aldarrikapenak.