MID_E, sortzaile berrien jardunaldiak
Kultura urbanoak Donostia du topaleku
Artearen kontzeptuan murgilduz, begirada zabaldu, museoetatik irten eta modelo berrien bila abiatu dira jada asko eta asko. Kolore, forma, diseinu eta oihal ezberdinetako arropen edo distortsionatutako soinu eta irudien bidez, kultura urbanoaren adierazleek espazio berriak proposatu dituzte; publikoaren eta eskaintza garaikidearen arteko hutsunean zubi bat eraiki nahi duten espazioak.
Odeia AIESTARAN | DONOSTIA
Sortzaile berrien lanen ikusgarritasuna ibilbide ezagunagoa duten profesionalen partaidetzarekin batu da egunotan YOX kolektiboak antolatzen duen Donostiako MID_E erakustaldian. Asteazkenean alderdi teorikoarekin hasi zena, gaur praktikarekin amaituko da; musika, bideo eta modaren inguruko sorkuntza garaikideen ikuskizunen agertoki bihurtuko da Gipuzkoako hiriburuko Antzoki Zaharra.
Grafittiek arte sisteman izandako gorakada eta gizartean lortutako onarpena, moda aldizkarietan azaltzen diren argazki erreportajeen kalitate artistikoa edota bideo-klipak egiten dituzten bideoartisten sorkuntza maila altua dira arte garaikideak bizi duen momentu onaren seinale. Hori horrela, YOX kolektiboko kide Yon eta Xabier Martinezek «moda, irudi eta musika elektronikoa gaur egungo gizartean finkaturik dauden adierazpenak» direla baieztatu dute, eta sortzaileek euskarri gisa horiek erabiltzeak publikoaren gerturatze grinari erantzuten diola gaineratu dute.
Publikoa arte garaikidera hurbiltzeko atea izan nahi du, beraz, MID_Ek, eta ahalegin horretan zazpi artista eta euren lanak protagonista bihurtuko dira gaur 19.30etatik aurrera. Kolektiboak lantzen dituen formatuen adibideek argituko dute Antzoki Zaharra, artea eta adierazpen urbanoak uztartzen dituzten artistek egindako lanekin. Publikoaren eta arte garaikidearen artean zabaldu den hutsunean zubi bat eraiki nahi du horrela Yonen eta Xabierren kolektiboak. Horien artean bost euskal herritar: Nerea Lurgain moda diseinatzailea, Iñigo Lurgain eta Ene! musikariak, Izaskun Alvarez diseinatzailea eta Zigor Gorostiola bideo sortzailea. Nazioartetik, berriz, Iris Van Herpenen fantasiazko modak eta Alec Crichtonen bideo-sorkuntza proiektuak bidaiatuko dute Donostiara.
Arte eta kultura urbanoaren adierazle den ekimen honetan, beraz, formatu ugari bilduko dira, moda kasu; hori ere artea delako. Hala, arlo horretan lan egiten duen Eugenio Recuenco argazkilaria izan zen atzo hiriburuan. Modarekin irudiak sortzen dituen artistaren iritziz, artea moda bihurtu da eta, beraz, «modak zergatik utzi behar dio arte izateari?». Bere ustean, hainbat museotan erakusten diren jantzi eta objetuak artea dira, argazkiak, pinturak edota bideoak bezala.
Sorkuntza horien lekuko, pintura edo eskultura bidez sentimenduak, adierazpenak azaldu beharrean, arropak ditu euskarri Nerea Lurgain donostiarrak. Gaur egun tendentzien hiriburu den Bartzelonan bizi da moda adierazpide gisa ulertzen duen diseinatzailea, eta MID_E izango da horren erakusleiho. Jantziak egiteko gai bat hartzen du ardatz Lurgainek; artearekin zerikusia duen gai bat. «Sound gallery» (soinu galeria) bildumarekin dator Donostiara, musika instrumentuetan oinarritutako lanarekin. Haizezkoak, harizkoak, perkusiozkoak eta elektronikoak ardatz hartuta, kolorea da nagusi jantzietan.
Erakustaldi eta bilduma guztiak musikaz laguntzen ditu Lurgainek, eta oraingoan doinuak berebiziko garrantzia hartzen duela kontuan izanda, artista berezi bat gonbidatu du: Iñigo Lurgain, bere anaia. Mercurio ezizenez ezaguna, musika elektroniko-esperimentala du langai; arrebarentzat, ikuskizunerako «apustu ezin hobea». Euskal Herrira bere lanarekin itzultzearekin, bestalde, pozik agertu da Lurgain, eta bildumaren hedapenerako garrantzitsua dela azaldu du.
Nazioartetik ere moda kontuak ekarriko ditu Iris van Herpen holandarrak. Lurgainek «jantzi bereziak baina edonork eramateko modukoak» egiten baditu, Yon eta Xabier Martinezek azaldu bezala, «van Herpenen lanak, modaren joera abangoardistetara hurbiltzeko saioak dira eta hain ohikoak ez diren formak eta materialak probatuz eta beti muturreko joerak bilatuz, halako unibertsoa sortzen du non bere interpretazio propioak bilatzera bultzatzen baitu ikuslea». Denbora, pertsonen eta animalien arteko antzekotasunak eta desberdintasunak, alkimia edota sentipenak inspirazio iturri izanda, edertasunari buruz ikuspegi pertsonala eskaintzen du diseinatzaileak. Kolore ikusgarriak eta material bereziak erabiliz, holandarrak argi-ilunekin jolasten du bere lanetan.
Arte sorkuntza garaikidearen diskurtso berriak musikan islatzen diren lekuko ere Eneko Balza Ene!-ren emanaldia izango da. Bergarako DJak Izaskun Alvarez artistaren bideoa izango du bidelagun, zuzeneko saioan. Gaizki fokatuak nagusi diren irudiek eta argi izpiek marraztutako momentuek osatzen dute Alvarezen lana, Ene!-ren doinuen arabera bilatutako irudiek.
Argazkigintza, eskultura, bideoak, grabatua... esparru ugaritan lan egiten du donostiarrak, hala ere, MID_En aurkeztuko duen lana lehenbizikoz egin eta erakutsiko du. Hainbat irudik osatuko dute ikustekoen proiekzioa, hala nola trenez egindako bidaiak eta Eibarko hiri-argazkiek. Artistaren hitzetan, azken finean, «nire begiradak osatzen du lana»; irudi zehatzen bila erabilitako begiradarekin osatutako lana. Ene!-k soinua aurretik Alvarezi eman badio ere, gaurko emanaldiak «inprobisazio puntu bat» ere izango duela gaineratu du, berak zuzenean eskainiko baitu emanaldia. Hala, ikusmena eta entzumena uztartuko ditu artistak jendaurrean.
Bideo sorkuntzan trebatutako beste artista batek, Alemaniatik etorritako Alec Crichtonek hain zuzen ere, bere lan esperimentalak azalduko dizkie bertaratutakoei; objektu sinpleenei ere ukitu okerra ematen dieten lan bereziak ezagutaraziko ditu sortzaileak.
MID_Ek jorratuko duen irudi elektroniko atalean ere izango da euskal ordezkaririk, Zigor Gorostiola bilbotarra, hain zuzen ere. Bideo proiekzioak argiztapen teknikekin nahastuko ditu videojockey/lightjockey deritzon formatuaren bidez. Argiztapen eta baliabide teknikoen alorrean duen eskarmentua baliatuz, ikusgarritasuna bilatuko du artista gazteak.
Bakoitza bere modura, baina azkenean zazpi begiradek bultzatuta, gero eta indar handiagoa hartzen ari den mugimenduaren barrunbean sartuko da publikoa. Goi mailako eta ehungintza euskarrian egindako jostun lanak, bideo-sorkuntza, argazkigintza eta arte multimedian landutakoez gainera disko jartzaileen, ekoizleen eta konpositoreen obrak ikusiz, arte garaikidera hurbiltzeko eta ezohiko erakustoki batean, moda, irudi elektronikoa eta musika joerak ezagutarazteko erakuslehio izango da egitasmoa.
YOX kolektiboko kideek esan bezala, «norberak erabaki behar du artearen munduan zenbateraino murgildu nahi duen»; hala eta guztiz ere, MID_E publikoaren eta tendentzia horien ingurukoak gerturatzeko ahaleginean bidelagun leiala izango da.