Jacobo izango da Toni Moralen ordez Teneriferen aurka jokatuko duena
GARA | GASTEIZ
Toni Moral erdilaria dagoeneko ez da Alaveseko jokalaria, Santanderreko Racingekin lau denboralditarako sinatu baitzuen joan den asteazkenean. Horrenbestez, babazorroen entrenatzaile Jose Maria Salmeronek haren ordezko egokia aurkitu beharko du ahalik eta arinen. Itxura denez, Jacobo Ynclan izango da Toni Moralen lekuan Mendizorrotzan Teneriferen aurka jokatuko duena.
«Taldeak jokalari bat baino gehiago dauka ezker hegalean aritzeko. Entrenatzaileak nire alde egiten badu ahal dudan guztia emango dut. Eta Toni Moral beste norbaitek ordezkatuko balu, aulkitik animatuko nuke», adierazi zuen Ynclanek berak atzo goizeko entrenamendu saioa amaitu ostean.
Horrez gain, talde gasteiztarrak Gaizka Garitanoren ordezkoa ere bilatu beharko du igandeko partidarako. Txartelen erruz zigorturik dago erdilari bizkaitarra eta, hala, Emilio Sanchez edota Cabrera izango dira Garitanoren lekuan aritzeko ardura hartuko dutenak.
Dena den, oraingoz ez dago taldeak asteburuari begira dituen asmoei buruzko zehaztapenik ematerik, ateak itxita egin baitzuten atzoko Ibaiako entrenamendu saioa.