Euskal futbolariek uko egin diote xantaiari
Asteartean ez da euskal selekzioaren lagunarteko partidurik izango. Batzuei berehala jokalarien erabakia dela bururatuko bazaie ere, EAEko Futbol Federazioarena ere badela nabarmendu beharra dago. Edo, batez ere, EAJrena, «Euskadi» izenarekin jokatzea besterik ez baitu onartzen eta hartarako presionatu baitu Federazioa. Herenegun gauean Federazioaren eta jokalarien arteko bilera akordiorik gabe amaitu zen. Jokalariek «Euskal Selekzioa» izenarekin jokatzea proposatu zuten, baina Federazioak -edo, egia osoa esanda, «Euskadi» ez den izen batekin jokatzea onartzen ez duen alderdiak- ez zuen proposamen berria onartu.
Gertakarien segida argigarria da. Joan den urtean Federazioak eta jokalariek «Euskal Herria» izenarekin jokatzea erabaki zuten, baita halaxe egin ere Kataluniaren kontrako partiduan, eta selekzioaren jarraitzaileek sostengu nabarmena eman zioten izen aldaketari. EAJri, ordea, ez zitzaion ondo iruditu, eta alderdi horretako zenbait buruzagik, jokalarien jarrera «zantartzat» jo eta futbolariek beren iritzia, edozein dela ere, adierazteko eskubidea zalantzan jarri eta haien kirol jarduna maiseatu zuten. Aurten, Federazioak Irango selekzioaren kontrako partidua «Euskadi» izenarekin jokatuko zutela iragarri zuen, alde bakarreko erabakia hartuta, baina jokalariek esan zuten ez daudela atzera egiteko, Euskal Herri osoko zaleekiko konpromisoa bertan behera uzteko prest. Eta jaso duten sostengua kontuan izanda, ezin esan futbolarien jarrera baino ez dela.
EAEko Federazioa jendaurrean agertu ez bada ere, argi dago eskaini duen aukera, EAJk inposatu zuena, hain zuzen: alderdi jeltzalearen proiektuaren izena onartzea ala ez jokatzea. Zitekeen adostasun bakarra, beraz, alde baten proposamena onartzea zen. Eta jokalariek ez dute xantaia onartu. Erruduna, EAJren ustez, inguru espainiarren ustez bezala, ezker abertzalea da, baina beharbada alderdi horrek hobe luke gertatutakoaren gaineko gogoeta egin eta argi izango balu akordioak lortzea ez dela inposatutakoa onartzea.