GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

Mundu magikoaren patua Winx Klub-eko kideen esku

«Winx: erreinu galduaren sekretua»

Lau urtez ehun eta hogeita hamar herrialdetako telebistetan agertu ondoren, Ignio Straffi italiarrak sortutako «Winx fenomenoa» zinemara heldu da. Winx Klubeko betiko lagunekin batera, Bloom protagonistak, iluntasunaren munduan barneratu eta gaizkiaren kontra borrokatuz, guraso zenduak berpizte aldera, haien jatorriaren misterioa argitzeko ahalegina egingo du. Historia unibertsala ardatz duen filmak norberaren sustraien bilaketa islatu nahi du.

p039_f02_148x92.jpg

GARA | DONOSTIA

Italian sortutako «Winx» telebista saioak izandako arrakasta ikusita (urteko 1.500 milioi euroko irabaziak ditu), Iginio Straffi zuzendariak produktua film bihurtuta merkaturatu du. Film magikoa da ezbairik gabe; zuzendariaren esanetan, umorea eta drama tartekatzen duen komedia erromantikoa da. Bloom du protagonista lanak. Baina ez da pertsonaia bakarra izango, Flora, Stella, Aisha, Musa eta Tecna, Winx Klubeko lagunak, aldean izango baititu bere misioa betetzeko, hots, erreinu galdua gorde eta Dominoko printzesa izatea.

Bloomek, bere jatorria zein den argitu beharko du ilunpean, ahaztuta dauden Winx-en unibertsoko sekretuak ezagutzeko.

Hamasei urte pasa dira mundu magikoko azti boteredunek gaizkiaren indar ilunen kontra borrokatzeko lan handia egin zutenetik. Orain, erreinu galduaren azken patua bere esku dago. Winx Klubeko betiko lagunekin, Bloom-ek desafiorik gogorrenari aurre egin beharko dio. Mundu iluneko pizti gaiztoak garaitu eta Dominoko azken erregea aurkitzeko gai izango diren ikusiko dugu.

Pertsonaia bakoitzaren xehetasunak erabat zaindu ditu zuzendariak, eta hasiera batean bakoitzaren ezaugarria ilearen orrazkera eta kolorea bada ere, izaeran ere badu bakoitzak besteengandik bereizten duen zerbait. Bloom, eskuzabala, ausarta eta bihotz onekoa da; bere lagunengandik inoiz bananduko ez den Suzko Aztia.

Sei neska magikoak lagunak dira, eta filma publiko gazteari zuzenduta dagoela ikusita, garrantzia handiko kontzeptua sortzen dela baieztatu du zuzendariak: laguntasuna. Hori da, beste batzuen artean, haurrek jaso beharreko mezua.

Filmaren abiapuntua, beraz, haur bakoitzak zerbait magiko eta berezia duela da. Horrek norberaren nortasuna eraikitzeko indarra ematen du eta energia pertsonal hori da hain zuzen, Winx filmean magiko bihurtzen dena, zuzendariaren esanetan.

Straffik eta lan talde osoak egindako lana azpimarratzekoa da. Animaziozko lan guztien modura, «Winx: erreinu galduaren sekretua»k ere prestakuntza handia behar izan baitzuen. Guztira berrogeita hamar eszena, berrehun modelo eta ehun eta hirurogeita hamar pertsonaia dituen 3 dimentsiotako ekoizpena egiteko, lau mila bat marrazki egin zituzten. Pertsonaia bakoitzaren ezaugarriak hain zehaztuta agertzeak lan nekeza izan du atzetik; alabaina, merezi izan duena.

Erloju, panpin eta belarritakoak, Winx Klubaren arrakastaren isla

Winx neska magikoak indarrez heldu dira pantaila handira, aurretik ere onespena lortua baitzuten. Horren adibide da, markako produktuak gaur egun Italian salmentetan lehenengo tokian izatea. Panpinek, esate baterako, %40ko merkatu kuota lortu dute, Barbie eta Bratz markek baino gehiago. Arropek ere arrakasta dute eta belarritako eta bitxiak ere atera dituzte. Italian «Winxmania» deitzen dena laguntzen duen beste produkturik ere bada: erlojuak, kosmetikoak, kromoak, DVDak, etxeko tresnak, musikala... Hori horrela, produktu bati ahalik eta etekin handiena ateratzearen erakusle garbia da Iginio Straffi zuzendari italiarra. Herrialde horretako gazteen artean izar bilakatu diren sei aztien istorioak, orain, nazioarteko onespena eta lilura izatea besterik ez da geratzen Winxmania fenomenoa mundu osora zabal dadin.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo