GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Intransigentziaren parentesiak, une nare ezak

Ritxi AIZPURU

Musika argitaratzailea

Botereak diru-laguntzak (ez da bakarrik gehiegizko diru kopuruaren kontuagatik. Eta, beti, «atzeko atea ixten harrapatzen gaituzte» -Artze/Laboa-. Indartsuaren eta boterearen arabera «askatasuna malgutasuna erakutsiz lortzen da». Derrigorrezko malgutasunera bideratzen gaituzte. Beti alde batek izan behar du malgu, zapalduenak. Malgutasuna eskatzen denean, beti izorratuenari eskatzen zaion dohaina da. Askatasuna, ordea, ez omen da lantzen intransigentziatik eta, hemen ere, amore ematea gomendatzen dute. Keinuak egiteaz nazkaturik egon beharko genuke: onartu, irentsi, kontrako eztarritik pasatu, etsi. Boteretsuen amorruak, haserreak, muturrak dira zapalduak jasan behar dituenak. Beti berdin, egoerak ordezkatzea ezinezkoa da. Baina muturtuta agertzen garenean, intransigenteak garela diote. Berdin dit, intransigentziaren aldarrikapena egin nahi dut. Hiru ahoek zer zioten entzun nahi nuen. Kultura sailak garbi esan du estrategikoa dela artista bakar hori; hots, KJ. Hitz bedeinkatuarekin egin dugu topo. Kristauen erlijioan aita santuak ex catedra hitz egiten duenean bezala. Hutsezintasunetik hitz egiten da, esandakoa egia absolutua da eta betebeharrekoa. Estrategikoa da Abiadura Handiko Trena edo Pasaiako kanpo portua. Gauza bat estrategikoa denean zerbait erraldoia egin behar da eta sekulako dirutza gastatu. Ez bada xahutzen nahikoa diru, ez omen da nahikoa estrategiko. Eraiki behar dena egundokoa, apartekoa eta handikiro egindakoa bada, hobe. Non geratzen dira hain estrategikoak ez diren beste musikari guztiak? Musikari bakarrak ordezkatu behar ote du hurrengo hiru urtetan Euskal Herria. Egunero trufak jateak edonor gogait dezake. Edo musikariei egiten zaie trufa? Eta beste musika-enpresez ez da pixka bat trufatzen ari Kultura saila? Proiektuarekin ados egon naiteke, estrategiarekin, aldiz, ez. Formak eta protokoloak saihestu dira. Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak ez du adierazpenik egin, ez dut, bederen, ikusi. Dirutza eman ondoren zerbait esan beharko luke eta gehiago kritika zorrotz horiek jaso ondoren. Dirutza jasoko duen artistak dio adierazpen askatasuna ongi ikusten duela musikari batzuek ateratako agiria dela medio, egitasmoak giza izaera duela eta jendeak bere lanari egiten dion harrerak epaituko duela auzi hau) atzeko atetik ematen dizkigu, aurrekoa -atea- ez da existitzen estrategikoak ez garenontzat. Beno, ikusi dut eta txikiegia da, ezin naiz igaro. Ate malgua da, estrategikoak direnentzat zabaldu eta handitu egiten da. Estrategiaren arabera, parentesiak. Zerbaitetarako balioko al du honek guztiak? Denok minduta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo