«The Queen» arrakastatsuaren ostean, politikari buruzko beste film batean parte hartu du Sheenek
Michael Sheen aktoreak «Frost/Nixon» pelikulan parte hartu du. «The Queen» filmean izandako arrakasta eta gero, berriz hautatu du politikari buruzko lan bat pantaila handian bere onena emateko.
GARA | NEW YORK
Politika gaiak jorratzen dituen beste film batean parte hartu du Michael Sheen aktoreak. 2006an «The Queen» pelikulan Tony Blair ministro-ohiaren papera burutu zuen eta orain, «Frost/Nixon» lanean agertuko da. Filma abenduaren 25ean estreinatuko da AEBetan eta otsailean helduko da Euskal Herriko pantailetara.
New Yorken emandako prentsaurreko batean aktoreak politikaz ez dela bereziki arduratzen argitu zuen, eta honakoa gaineratu: «Nixon ez zitzaidan interesatzen lehen, baina proiektu honetan murgildu eta gero iritziz aldatu dut. Filmean kontatzen diren gertakariak ni oso txikia nintzela gertatu ziren eta garai horretan ez nuen horrekiko interesik».
Bestalde, Sheenek adierazi zuen, «gidoilariei bota behar diezue errua, euren lan ona dela-eta hasi naiz mota honetako pelikuletan lan egiten». Peter Morganek idatzi ditu «The Queen», «The last king of Scotland» eta «Frost/Nixon» filmen gidoiak eta berari buruz aktoreak esan zuen, «Morganek idazten dituen gidoiak oso interesgarriak iruditzen zaizkit, bai ageri diren pertsonaiak, bai horiek sorrarazten dituzten egoerak».
Oscar saria jaso duen Ron Howardek -«Una mente maravillosa», «Cocoon», «El Código Da Vinci»- zuzentzen duen filmean, Sheen aktoreak Frosten azalean sartzen da. Benetan diru kopuru handi bat ordaindu ostean, Frostek Nixonekin (Frank Langella) elkarrizketak lortuko ditu, «Watergate» kasuagatik dimititzera behartua izan eta hiru urte geroago.
Michael Sheenek gaineratu zuen, «Nixon ustelkeriaren eta boterearen ikurtzat hartu izan da beti, eta bi dimentsio bakar hauek kontuan hartuta ezin da asko ikasi. Hau da, oso zaila egiten zait pertsona errealak pantaila handian interpretatzea. Batzuek esango dute oso lan erraza dela, baina niretzat pertsonaia asmatuen rola hartzea errazagoa da; hala ere, gehiago gozatzen dut jendeak ezagutzen duen pertsona baten azalean jartzean. `The Queen' estreinatu zenean jendeak esaten zidan ondo egin nuela neure lana eta Blairren antza hartu nuela pantailan». Sheenek bi edo hiru hilabete ematen ditu mota honetako pertsonaiak prestatzen «karikaturara iristearen beldurra ekiditeko».
«Gidoilariei bota behar diezue errua, euren lan ona dela-eta hasi naiz mota honetako pelikuletan lan egiten», adierazi zuen Michael Sheenek New Yorken emandako prentsaurrekoan.
Sheenek adierazi zuenez, bi edo hiru hilabete ematen ditu mota honetako pertsonaiak prestatzen, «karikaturara iristearen beldurra ekiditeko».