GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Xanti Begiristain Madotz Iruñea

Euskadi eta Euskal Herria

Ez naiz futbol zalea. Ziur aski, ikusi nuen azken partida izanen da orain dela 35 bat urte. Dena dela, seguru nago Euskal Herriak izanen balu bere berezko selekzioa, orduan jarriko nukeela arreta gehixeago.

Harrituta eta nazkatu samarturik nago entzuten azken egun hauetan, batez ere, EAJko jendeari, beraiei berdin-berdin zaizkiela «Euskadi» eta «Euskal Herria» hitzak. Gauza bera dela, alegia, esanahi berbera dutela. Horrela baldin bada, zergatik ez dute onartzen inolako eragozpenik gabe «Euskal Herria» hitza?

Argi dago Sabino Arana Goirik «Euzkadi» (Euskadi) hitza asmatu zuenean, bere barruan zazpi probintziak hartzen zituela, baina gaur egun hori ez dago hain garbi, edozein hiztegi eta entziklopediatan begiratzea baino ez dago.

Beste alde batetik, bitxi samarra gertatzen da ikustea Miren Azkarate andreak nola lehenesten duen «Euskadi» hitza «Euskal Herria» hitzaren aurrean. Ez al da, ba, bera euskaltzain osoa? Nahi duenak ikus dezala zein den Euskaltzaindiaren 139. araua. 1564. urtearen inguruan jadanik agertzen zaigu dokumentatuta «Euskal Herria» hitza, Joan Perez de Lazarraga arabarren idazkietan. Gero esaten digute «Euskadi» eleak tradizio oso luzea duela. Miren Azkarate bezalako euskaltzain oso batek ez ote lioke eman beharko garrantzi handiagorik berak onartutako Euskaltzaindiaren arau bati?

Dena den, eta bukatze aldera, Nafarroa Garaitik Arabara sartzerakoan, Ziordia herria atzean utzita, aspalditik ikusten da idazkun erraldoi bat jartzen duena «Euskadi/País Vasco». Horrekin zer ulertzen da? Bada, Nafarroa Garaia ez dela ez Euskadi, ez País Vasco, ez Euskal Herria, etab. Eta idazkun hori ez du jarri ez UPNk, ez PPk, ez PSOEk, baizik eta Eusko Jaurlaritzak. Beste horrenbeste gertatzen da Nafarroa Garaia, Ipar Euskal Herria eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako mugetan ere.

Horrek guztiak laguntzen al du euskal futbolari orok talde bakar batean jokatzeko Eguberrietako partida «ospetsu» horretan? Nik benetan uste dut ezetz.

EAEko EAJko jendeari, batez ere politikariei, eskatuko nieke sosegu eta patxada pixka bat hausnartzeko, hemen ikusitakoa ikusi ondoren, ea ez ote zaien iruditzen minduta eta irainduta sentitzeko zio asko ditugula Euskal Herri «ez ofizialean» bizi garenok, batere lotsarik gabe behin eta berriz esaten digutenean beraientzat berdin-berdinak direla «Euskadi» eta «Euskal Herria» hitzak. Niretzat ez, behintzat!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo