GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ehundaka lagunek «Argala» oroitu dute bere heriotzaren 30. urtemugan

Atzo 30 urte bete ziren gerra zikinaren ondorioz ETAko buruzagi Jose Miguel Beñaran Ordeñana, «Argala», hil zutenetik eta, atzokoan, modu hunkigarrian oroitu zuten Arrigorriagan. Militante independentistaren hitzak izan ziren ekitaldia gidatu zuten hariak, hitzok abiapuntutzat hartu baitzituzten hizlariek euren adierazpenak emateko orduan. Nabarmendu zutenez, garai hartan esandakoak ez du gaurkotasunik galdu hiru hamarkada hauetan.

p010_f01_172x112.jpg

Ruben PASCUAL |

Jose Miguel Beñaran Ordeñana, Argala, atentatu batean hil zuteneko 30. urteurrena bete zen atzo, abenduaren 21ean, eta 400 lagun baino gehiago bildu ziren bere herrian, Arrigorriagan, eguraldia lagun, ideologo independentista oroitzeko.

Beñaranen izena duen plazan egin zuten ekitaldia, eta ezker abertzaleko, amnistiaren aldeko mugimenduko eta LABeko ordezkariak izan ziren hizlariak. Gainera, txalaparta, bideo emanaldia, dantzak eta bertsoak ez ziren falta izan.

Txalaparta eta bertsoekin ekitaldia abiatu ondoren, Jose Miguel Beñaran Ordeñanaren bizitza laburbildu zuen bideo bat jarri zuten: haurtzaroa, eskola garaia, ETAn hasi zenekoa, erakunde barruan egindako ibilbidea eta, azkenik, atentatu batean hil zutenekoa gogora ekarri zituzten. Emanaldian zehar, «Euskal Herriarentzat hil ala biziko garrantzia zuten garai horietan, bere ibilbide pertsonalak, aldez aurretiko eskemarik gabe egoera politikoa aztertzeko zuen gaitasunak eta bere giza balioek», Argala «militanteen eredu» bihurtu zutela azpimarratu zuten.

Militante independentista hil zenean, Telesforo Monzonek esandako hitzak ere gogora ekarri zituzten: «Ez itzazue zeuen buruak engainatu. Argalaren hutsa Euskadin sumatzea lortu duzue eta denok sentitzen dugu. Baina, agortutako iturburu bat baino ez da. Hemen, naturan gertatzen denaren kontrakoa jazotzen baita. Agortutako iturburu batetik beste iturburu asko sortzen dira. Eta uholdea askoz izugarriagoa da. Hemen -bizirik dauden herri mugimendu guztietan bezala-, uholde eutsiezina Herria da».

Ondoren, Argalak utzitako mezu bateko esaldiak baliatu zituzten hizlariei hitza emateko. «Izan ere, garai hartako egoera eta gaur egungo egoera oso antzekoak dira», azaldu zuten.

Tasio Erkizia izan zen ezker abertzalearen izenean mintzatu zena. Argalak gure herrian bide bat erein zuela aipatu zuen militante historikoak, fruituak ematen ari den bidea, hain zuzen.

Erkiziak, indarrez beteriko diskurtsoan, hurrengo mezua helarazi zien bertaratutakoei: «30 urte hauetako borrokak, lanak eta gure eguneroko izerdiak merezi izan du». Haren ustez, oso garrantzitsua da kontzeptu hori argi izatea, momentu honetan sinetsarazi nahian ari direlako «ezker abertzalea desagertzear dagoela».

Urrats nabarmenak

Erkiziak, denbora tarte horretan sektore independentistak «urrats nabarmenak» eman dituela azpimarratu zuen. Zentzu horretan, lortutako helburuak izan zituen hizpide.

Bere aburuz, «instituzioak krisi batera eramatea» lortu den honetan, «erresistentziatik eraikuntzara igarotzeko unea da».

Ildo honetan azaldu zuenaren arabera, «aukerak daude bigarren trantsizio bat gertatzeko», eta horren alde egiteko elementurik badagoela azpimarratu zuen Erkiziak.

Horien artean, «arrazoia daukagula» nabarmendu zuen Erkiziak. Beraren esanetan, Madril eta Parisen badakite hori, eta «arrazoirik ez dutenez, indarra erabiltzen dute». Horren erakusgarri aipatu zuen «ikusten ari garen GAL judiziala».

Bestalde, ezker abertzalearen proposamena demokratikoa dela «Europan baieztatu dela» azaldu, eta proposamen hori «amaierara arte» eramateko beharraz ohartarazi zuen.

Amnistiaren aldeko mugimenduak, hitza hartzean, amnistia, duela 30 urte «Argalak azaldutako parametro berberetan» ulertzen duela esan zuen.

Beraien ustez, «amnistia osoa, gatazka gainditzetik etorriko da» eta, ildo horretan gaitzetsi egin zuten «presoen kaleratze masibo soil bat», beraien esanetan, hori «sasi amnistia» bat izango litzatekeelako.

Ondotik, «Euskal Herriaren kontrako salbuespen neurriak» salatu zituzten, neurrion helburuetako bat «presoak pertsona moduan suntsitzea» dela argudiatuta.

Hori dela-eta, gaixorik dauden presoak eta kondena betea dutenak kaleratzeko eta euskal presoak Euskal Herriratzeko herri guztietan egiten diren ekimenetan parte hartzeko deia egin zuen.

LAB sindikatuko ordezkari batek ere berba egin zuen ekitaldian. Krisi garaian gauden honetan, Argalaren hitzen garrantzia eta gaurkotasuna nabarmendu zituen berak ere.

Euskal Herrian prekarietatea areagotu eta lan baldintzak kaskartu izana salatu zuen. «Zorionez, Jose Miguel, gero eta zabalduago dago aldaketa politikoa eta eredu sozialaren aldaketa batera doazela», gaineratu zuen.

Horrela, «soilik enpresa klasea defendatzeko subiranotasuna aldarrikatzea» gaitzetsi zuen sindikatuko bozeramaileak.

Irtenbidea, haren ustez, «produkzio bideak sozializatzea» eta «langile klaseak boterea eskuratzea» dela argitu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo