GARA > Idatzia > > Kultura

«Umorera enfokatutako gaiak izan ziren ia denak. Pisu apur bat falta zitzaien»

p048_f01_148x224.jpg

Igor Elortza

Bizkaiko bertsolari txapelduna

Bosgarren txapela buruan zuela eman zuen larunbat gaua Durangon eta goizeko laurak aldera dantza egiteraino ere animatu omen ziren, gutxitan egiten badute ere. Biharamunean, sentipenak baretu ahala, larunbatean baino zapore hobea hartzen zion bere bosgarren txapelari. Dena den, lehena izan zen ederrena, bertsoa utzi edo ez zebilenean etorri baitzitzaion.

Joxean AGIRRE | DURANGO

Bosgarren txapelak utzitako biharamun gozoarekin harrapatu genuen atzo Igor eta bere betiko patxadarekin hitz egin zigun bezperako sentipenak azaltzeko.

Gau luzea izan al da?

Durangotik autobuskada joan zen Unai eta bion lagun eta senitartekoekin eta bueltan prest zuten Plateruenan afari lege bat. Gau erdira arte hortxe egon ginen eta tabernaz taberna ibili ginen gero berriketan. Ez dugu maiz egiten, baina dantza apur bat ere egin genuen. Badakizu, goiz aldeko laurak ziren.

Durangorentzat gauza handia izango da hainbeste txapel etxeratzea.

Durango bat baino gehiago daude. Gaur, auzoko emakume bat etorri zait zorionak ematera. Ilobak esan omen dio «Campeón de España de versos» geratu nintzela atzo BECen.

Eman diezaiogun finalari begiratu bat. Zortziko nagusian ondo hasi zinen eta Unairekin, gainera. Ba al du abantailarik adiskide batekin kantatzeak?

Uste dut zortziko nagusian denok hasi ginela ondo atzo. Nire kasuan, ondokoa asko ezagutzeak konfiantza puntu bat ematen dit. Euskal Herriko final osoan ez genuen behin ere egin elkarrekin eta Bizkaiko txapelketa honetan ere ez gara elkarrekin egokitu. Gaia ere polita zen (sexu bereko bikotea zarete), zer esana ematen zuen. Bigarren bertsoan esan niona, esate baterako, ilea urdintzen hasita baina oraindik guapo zegoela, beharbada beste bati ez nion esango.

Zortziko txikian gaia grisagoa zen, funtzionarioen kontu hori.

Hain zuzen, Fredik eta Xabik oso ondo asmatu zuten gai baten ondoren (semea gelan eta aita belarria ateari itsatsita) hasi ginen eta une bero baten ondoren zailagoa izaten da. Ganorazko bertsoak izan zirela uste dut, baina tiraka ibili nintzen sentipena izan nuen, jauzirik egin gabe, baina tiraka. Antzeko sentipena izan nuen Estiballesekin hamarreko txikian ere, nahiz eta bigarren bertsoarekin («ta zure gurasoak azaldu dira brau/ amak egiten deutsu hura, hori ta hau/ baina zure aitatxok neu begiratzen nau») gustatu zitzaidan. Oso zaila egiten zitzaidan ume jaio berri bat berba egiten irudikatzea.

Bakarkakoan, hala ere, bertso bi harrigarri bota zenituen. Iruditzen zait, gainera, merkatari txikien arazoak oso urrunak egin behar zaizkizula.

Aitita-amamak zabaldutako denda izateak ematen zion gaiari ukitu sentimental bat. Ez da gertuko gaia, baina gustatu zitzidan.

«Garbikari ta jateko/ bazkal aurre eta osteko» ezin dotoreago geratu zitzaizun. «Izarren hautsa» oinarritzat duen doinuarekin noiztik ari zinen lanean?

Pare bat hilabeteko lana izan da. Doinuaren ideia bada orain dela hiru bat urtekoa, baina baztertuta nuen eta txapelketaren bueltan hartu dut berriro. Badauka bere konplexutasuna errima aldetik, baina egokia da bakarkakoetan azken urteotan darabilgun estilo narratiboa lantzeko. Doinu horrekin lortu nahi nuena larunbatean lortu nuela uste dut. Neurri handiko bertsoak egiterakoan, moztu eta errima ezberdinak dituen puntu laburragoak sartzeak mesedea dakar. Horrek joko estetikoa eransten dio bertsoari. Zazpi puntu gehi bi gehi bi ditu doinuak. Doinu hau egiten joan gara. Beñat Gaztelurrutiak eta Unai Esturok lagundu digu horretan.

Ez omen zenuen garbi buruz burukora pasatuko zinenik?

Buruz burukora arte pare bat saiotan oso gustura geratu nintzen, baina beste pare batean tiraka ibili nintzen sentipena nuen. Bestalde, Arkaitz asko gustatu zitzaidan, Iratxe ere bai, Etxahunek ere gauza onak egin zituen. Bukatu eta gero esan zidaten hainbat poto egon zirela: Xabik, Fredik, Arkaitzek berak. Baina nik ez nituen harrapatu. Eta ez nuen bat ere garbi kiniela. Behin nire izena entzun eta azken fasera pasatu ginelarik, solteago egin nuen bertsotan.

Buruz burukoan, zortziko txikian, sexua berriro. Ez al zen sexu asko izan larunbatean?

Bai. Orokorrean umorera enfokatutako gaiak jarri zituzten. Gai arinak izan ziren, beraz. Zortziko handikoak kenduta, denak izan ziren umorezkoak. Beharbada, ez dramatismoa, hori saihestera joan zirelako, baina pisu apur bat falta izan zitzaien gaiei. Neurri honetan sexu gordinaz hitz egin behar genuen, xehetasunetan sartuz, Unaik bikotearekin asetzen baitzituen bere premiak eta nik bakarka.

Kartzelakoaz hitz egin dezagun. Hain gai irekia izateko, biok bide beretik jo zenuten.

Atzo gauean ideia hobeak etorri zitzaizkigun, baina berandu. Astelehen goiza zen eta asteburua beti dago lotuta parrandarekin, maitasunarekin edo sexuarekin eta hortik jo genuen. Lehen datorren tximista hori hartzea izaten da onena eta narrazio bat asmatzen hastea. Bi bertso ziren eta segituan pentsatu nuen bigarrenaren amaiera: «geuk esateko bagara lotsa/ baina berotzen jaku bihotza/ zer ondo maitasunean/ behin topatzen dugunean»; zer ondo sentitzen garen alegia maitasunean, eta lehenarekin hasi nintzen. Taberna batean bakarrik nengoela nola neska etorri zitzaidan kontatu nuen eta ondoren berari kantatu nizkion maitasunari buruzko gogoeta horiek. Ez ditut oraindik Unairenak entzun.

Bosgarren txapelak zer poz ematen du?

Ez da poz berdina. Lehenak eman zidan poza ez dit beste batek eman. Seguruenik nire egoera ere halakoa zen lehena jantzi nuenean. 1998an izan zen. Aurreko urtean Euskal Herrikotik kanpo geratu eta zalantzak izan nituen jarraitu edo ez. Poz izugarria eman zidan. Beti ematen dizu poza, baina beti da ezberdina. Aurten ez nuen irrika berezirik txapelarekin. Bertsoarekin berarekin bai, erabat arduratuta nengoen, baina ez txapelarekin. Gaur hartzen diot atzo baino ahoko zapore hobea.

Giroa izugarria izan zen.

Bizkaiko bertsozalea oso beroa da. 50. urteurreneko omenaldia bera polita izan zen. Fredirena ikusgarria izan zen, denak «Fredi, Fredi» deiadarka. Arkaitz Estiballesen izena esan orduko ere irrintzi bat entzun zen. Bukaeran oso une ederrak izan genituen.

 

Compositores

El concierto ofrecerá composiciones de los maestros Xabier Mariño, Leyre Aguirre (estreno absoluto), Iñaki Estrada, Ramón Lazkano, Gabriel Erkoreka y Aurélio Edler Copês.

Hoy en directo

El conjunto de música contemporánea Krater Ensemble, con diez músicos, actuará hoy a las 20.00 horas en el espacio Tabakalera de Donostia, con entrada libre.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo