GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Berezkoak Superprestigioa

Ezkurrak eta Harizmendik jokatuko dute finala, finalerdiak erraz irabazi ostean

Jon LEUNDA | DONIBANE GARAZI

Paxkal Ezkurrak eta Thierry Harizmendik jokatuko dute datorren igandean Garat trinketean, Donibane Garazin, alegia, Superprestigioko finala. Atzokoan biek lortu zuten garaipena, eta biek, gainera, uste baino errazago.

Ezkurrak Idiart zuen aurrez aurre, eta Urruñakoak aurreikuspenak bete egin zituen, baina inork gutxi pentsa zezakeen horren erraz izango zenik, 40 eta 17 menderatu baitzuen Idiart.

Urruñako atzelaria 11-0 aitzineratu zen, eta partida erabat bideratuta utzi zuen. Horrelako aldea lortzen duenean oso zaila izaten da Paxkal partidatik ateratzea. Gainera sakearekin ere sekulako mina egin zuen, arerioaren etsipenerako.

Idiartek ere bazekien hori. Saiatu zen aurkaria estutzen, baina ezinezkoa zuen. Sakearekin ere min handia egin zuen Ezkurrak hamaika tanto egin baitzituen hasierako jokaldiarekin, eta bi besterik ez Idiartek. Norgehiagokak 45 minutu besterik ez zituen iraun.

Bigarren finalerdian, Thierry Harizmendik bereganatu zuen partida, Etxeberriren kontra 40 eta 25eko emaitza lortu ostean. Norgehiagoka orekatua izan zen lehen hogei kintzetan, baina hortik aurrera Harizmendi ikusi zen bakarrik trinketean.

20-20 berdinduta egon ostean, irabazleak 20-5eko partzial izugarria lortu zuen, eta horrek erakusten du nolakoa izan zen bigarren zatia. Finala datorren igande arratsaldean jokatuko da, 17.00etik aurrera, eta Ezkurra aterako da faboritoaren paperarekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo