GARA > Idatzia > > Mundua

Konakryko Gobernuak amore eman du altxatu diren militarren aurrean

Azkenengo 15 urteotan hamazazpi estatu-kolpe jasan ditu Afrika kontinenteak, eta hamazortzigarrena ere, Gineako Errepublikan, garaile atera da, Gobernuak amore eman ostean. Betiko moduan, epe motzean boterea utziko dutela ziurtatu dute matxinatu diren militarrek.

GARA |

Aste hasieran estatu-kolpea eman zuten militarrek beren agintea sendotzea lortu dute Gineako Errepublikako gobernuburuak amore eman ostean.

Ahmed Tidiane Souaré lehen ministroa, gainerako gobernu-kideak eta Armadako goi-karguak, Diarra Camara Estatu Goreneko burua tartean, amore eman eta matxinatuek agindu bezala, Alpha Yaya Diallo egoitza militarrera joan dira azken orduotan. Bertan matxinatuen buruak, Moussa Dadis Camara kapitainak harrera egin die. Bezperan bere burua Errepublikako presidente izendatu zuen kapitainak beldurrik ez izateko agindu zien bezpera arte agintean ziren politikariei. «Zuen segurtasuna bermatuta dago hemen. Lasai joan zaitezkete etxera...», ziurtatu zien.

Conteren ondorengoa

Gineako Konstituzioaren arabera, Lansana Conte presidentearen heriotzaren ondoren Parlamentuko presidenteari zegokion kargua hartzea, behinik behin, hirurogei egunetako epean hauteskundeetara deitzeko. Aboubacar Sompareren berririk ez da, ordea, oraingoz.

Aldeko manifestazioak

Batzorde militarraren burua, Camara kapitaina, presidente kargua bere gain hartu ondoren ibilgailu militar baten gainean abiatu zen Conteren jauregira.

Konakryko kaleak zeharkatzean milaka herritarren txaloak jaso zituen. Askok eta askok Conteren «erregimen despota» salatzen zuten.

Matxinatuek bi hilabetetan hauteskundeetara dei egingo zutela agindu bazuten ere, 2010 urtera arte agintean jarraituko dutela iragarri dute orain. Hori bai, politikan jarraitzeko handinahirik ez dutela ziurtatu dute. Conte zendutako presidenteak berak ere estatu-kolpe baten bitartez lortu zuen agintea.

DATUA

Bi urteko «trantsizio baten ondoren «hauteskunde libreak» antolatuko dituztela iragarri dute altxatu diren militarrek. «Ondoren, kuarteletara itzuliko gara».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo