Xabier Silveira Bertsolaria
Euskal herriko futbolariak, zorionak!
Euskal Herria nork ikusten duen herri gisa eta nork ez argi ikusi ahal izan dugu. EA, Aralar, AB, ezker abertzalea, LAB eta ELA eurekin batera jarri dituzte, ia-ia ekipo berean denak. Erakutsi digute aski dela borondatea eta ausardia pixka bat herri bezala elkarturik erantzutekoAzpeitian ez bazen, ez zen urruti gertatu. Umeak irakaslearen galdera erantzuten zuten txandan-txandan. «Nik haunditan futbolaria izan nahi dut»; «nik astronauta», besteak; «nik trikitilaria -azkoitiarren alabak-»; «nik putakumia», bat-batean batek. Eta irakasleak, harritua, galdetu zion, «zergatik izan nahi duzu putakumea?». «Joe, aitak beti esaten du: `hara, putakume hau, kotxe ederra ekarri dik. Putakumia, etxe galanta erosi dik!'».
Horrelakoxe gizartea bizi dugu, «batek asko nahi ta ezin sufritu/ besteak daukan apurra».
Hein handi batean horregatik leporatu diogu diruari borondatea erosteko duen joera. Baina ez dut gaur diruaz hitz egin nahi, borondateaz baizik.
Euskal Herriak pairatzen duen desmobilizazioaren epidemia honek zaplazteko ozen askia jaso du egun hauetan, «Euskal Herria/Euskadi» eztabaida antzu bezain interesatua hankaz gora jarri baitute Euskal herriko futbolari profesionalek. Jakin badakigu beraiekin batera futbolari eta kirolari gehiago bildu dela «planto» honen atzean baina, era berean, pentsatzen dut goi mailan jokatzen duten aberatsek eman diotela guzti honi indarra eta pisua.
Boteretsuak ohituta daude beti nahi dutena egiten eta ezin izan dute ongiegi asimilatu erositakotzat zeuzkaten pertsona batzuek horrela aurre egiterik. PNVko jauntxoek ahaztu dute Euskal Herrian guztiak bizi garela, eurak herritarren ordezkaritza direla Jaurlaritzan, eta ez batzoki erraldoi baten gerentzia. Eurek egin beharko luketen lana egin ez izanaren ondorioz, aberatsek intsumisoen teknika desobedienteak erabiltzen bukatu behar izan dute. Eta, zorionez, bukaerara arte egin dute.
Eta egin dute aspaldi inork egin ez zuena. Hasteko, Euskal Herria nork ikusten duen herri gisa eta nork ez argi ikusi ahal izan dugu. Jarraitzeko, EA, Aralar, AB, ezker abertzalea, LAB eta ELA eurekin batera jarri dituzte, ia-ia ekipo berean denak. Erakutsi digute aski dela borondatea eta ausardia pixka bat herri bezala elkarturik erantzuteko. Gure poltronatxoak ez direla beti jauntxoei men eginez mantentzeko. Eta gehienbat erakutsi digute, geure eskubideen aldeko borrokan, galtzekoa baino askoz gehiago dugula irabazteko. Gauzak txukun eta zintzotasunez egiten baditugu, jende aunitz datorkigula gurekin bat egiteko prest. Herriaren grina ez dagoela hilik, itzalita baizik, norbaitek noiz piztuko zain.
Eta hori, eurak aberats putakume batzuk direla, baloi bati lau ostiko emateagatik milioiak kobratzen dituztenak. Pijo putakume batzuk, alegia.
Bada, irakaspen galanta eman digute mutil hauek. Txalogarria benetan. Bihoakie nire zorionik beroena eta nire mirespenaren zatitxo bat.
Orain besteon txanda delakoan nago. Futbolariei bakarrik utziko ditugula esan dieten horiei ez diezaiegun arrazoia izan dezaten utzi. Gure etorkizunak Euskal Herria du izena eta etorkizuna egunero guztion artean eraiki beharreko erronka eder bezain neketsua izango bada ere, badugu noren adibideak jarraitu. Bakoitzak berean, egurra da bidea.