GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ibarretxek gaur desegingo du Gasteizko Legebiltzarra

Hauteskundeak deitzeko dekretua sinatzearekin batera desegingo da Gasteizko Legebiltzarra. Bihar, EAEko Agintaritzaren Aldizkariak hori argitaratzearekin bat, hauteskunde prozesua abiatuko da.
p012_f02_73953.jpg

GARA |

Joan den ostegunean Juan Jose Ibarretxe lehendakariak EAEko bozaldiak martxoaren 1erako deitu ostean, gaur emango du hauteskundeei begirako hurrengo pausoa: Gasteizko Legebiltzarra bertan behera utziko baitu. Hala, gaur hauteskunde autonomikoak antolatuko dituen dekretua sinatu ostean, ofizialki bihar jarriko da bozaldi prozesua abian, EAEko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzearekin batera.

Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko herritarrentzat bederatzigarren bozaldiak izango dira datozen martxoaren 1ean Gasteizko Legebiltzarra hautatzeko egingo direnak. Hala, egungo parlamentua desegin eta gero, hurrengo hitzordua otsailaren 2an izango da. Egun horretan egingo baita ofizialki, bozaldiotan parte hartuko duten hautagaien izendatzea. Hortik aurrera, epea are laburragoa izango da, bi asteren buruan emango baitzaio hasiera Gasteizko Parlamenturako hauteskunde kanpainari.

Kanpainan otsailaren 13tik

Beraz, hauteskunde kanpaina otsailaren 13an hasi eta hilaren 27an amaituko da, ohi bezala, ostirala. Hurrengo eguna, otsailak 28, hausnarketa eguna izanik, martxoko lehen igandean egingo dira EAEko parlamenturako bozak. Bertan izandako emaitzek ekarriko dute lehendakari berriaren izendatzea eta legebiltzarraren osaketa.

Galiziako legebiltzarrerako hauteskunde egunarekin egingo dute bat Gasteizko Parlamenturako bozaldiok. Azkenean, espero baino aste batzuk lehenago egingo baitira. Egunaren hautaketari dagokionez, PSOE alderdiak ez du pozik hartu, Galiziako emaitzak baldintzatu ditzakeelakoan; PPk bai ordea, alderdiaren hitzetan, mesede egiten baitio. Baina, hala ere, azken urteotako hauteskunde prozesu guztietan bezalaxe, begiak ezker abertzaleari begira daude bai Madrilen eta baita Gasteizen ere; hauteskundeak aurreratuta, ezker abertzaleari hautagaitza aurkezteko tartea are gehiago murriztu zaion ustean kalkulu desberdinak egiten hasi dira.

Hauteskundeen ostean, martxoaren 11n emango dira aditzera ofizialki Gasteizko Legebiltzarrerako bozaldien emaitzak. Horren ondotik osatuko da parlamentu berria, horretarako, lehenbizi, legebiltzar berriko parlamentari guztien herena izendatu eta gero. Beraz, ordurako 25 parlamentari izendatuak egon beharko dira, guztira 75 baititu Gasteizko Parlamentuak.

Pauso hori eman ondoren, Gasteizko Legebiltzarreko presidente berria hautatzeko ordua iritsiko da. Hori, legebiltzarkideen bozen bidez egingo da; horretarako, lehendabiziko itzulian gehiengo osoa eskuratu beharko du. Hala gertatuko ez balitz, bigarren itzulian gehiengo soilarekin nahikoa izango litzateke. Bozketa horretan berdinketa gertatuz gero, hauteskundeetan boto gehien jaso dituen alderdiaren esku geratuko litzateke presidente kargua.

Behin hautaketa hori egin eta gero, Gasteizko Legebiltzarreko presidenteak ezarriko du lehendakari berria hautatzeko bilkura deitzeko eguna. Azken barne-araudi aldaketak direla medio, ez da epe mugarik egongo EAEko lehendakari berria hautatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo