ALPINISMOA Saria
PEAK 4810 Errusiako Urrezko Pioletaren irabazlea
Vladimir Gunkok zuzendutako espedizioa izan da boto gehien jaso duena. Talde horrek ipar-mendebaldeko hegalean dagoen «Voronov» bidearen (1.200 m, 6b errusiar eskalan) neguko lehen igoera egin du.
Andoni ARABAOLAZA
Duela pare bat hilabete Asiako Urrezko Pioleta sarian gailendu zen jardueraren berri eman genizuen. Orain, berriz, 2007an sortu zen Errusiakoa. Joan den azaroaren amaieran jakitera eman zen bigarren aldiaren (2008ko edizioari dagokiona) irabazlea nor zen. Lehenengoan, K2 mendian, haren mendebal deko hegalean, espedizio batek zabaldutako bideak eraman zuen saria. Aurtengoan, aldiz, etxetik gertu eginiko jarduera batek eskuratu du. Peak 4180 izenez ezaguna den mendian (Karavshin eskualdea, Kirgizistan) Vladimir Gunkok zuzendutako jarduera gailendu da. Gunkokekin batera V. Arhipov, A. Litvniv, A. Mikhalitsin eta V. Tsygankovek mendiaren ipar-mendebaldeko hegaleko «Voronov» bidearen neguko lehen igoera egin zuen.
1.200 metroko bide hori joan den urteko otsailaren 2tik 11ra bitartean eskalatu zuten: kapsula estiloan eta ingurumari hartako baldintza gogorretan zein ohiko tenperatura hotzetan. Ez zen iazko neguan pareta horretan egin zen igoera bakarra. Siberiako Krasnoyarsk herriko talde horrez gain, beste bi taldek erpin horretan dauden marra bana sinatu zuten. Lehena, Ekaterinburgoko alpinista batzuek «Kritsuk» bidea (1.515 m, 6b errusiar eskala) igo zuten. Marra hau hegal horretako garrantzitsuena da, baina, era berean, «errazena». Hirugarren taldea San Petesburgokoa da, eta «Sakharov» bidea (1.650 m, 6b errusiar eskalan) egitea lortu zuen; aurrekoa baino gogorragoa.
Hiru igoera horietatik, beraz, siberiarrarena izan da boto gehien jaso duena; hori bai, nahiz eta «Shakarov» bidea gogorragoa izan. Saria irabazteko hautagai garrantzitsuena zen aipatutako azkena, baina kontuan hartu behar da marra hori talde bera aurreko neguan igotzen saiatu zela, eta Errusiako Urrezko Pioletak dituen irizpideak, beste sari batzuekin alderatuta, oso ezberdinak direla.
«Hanburgo» estiloa
Bai, oso irizpide ezberdinak ditu. Adibidez, epaimahaiari dagokionez, beste bi Urrezko Pioleta sariek, Asiakoak eta Frantziakoak, nazioarteko gonbidatuekin osatzen dituzte. Errusiakoan, aldiz, etxekoek soilik hartzen dute parte. Hots, hautatu dituzten jardueren buruak, talde bakoitzeko buruak, dira botoak eman behar dituztenak. Horri «Hanburgo» estiloa deitzen diote, Viktor Shklovskyk 1928an idatzitako liburu batean jasotzen den pasarte batetik hartutakoa. Denen arteko borroka da, «berdintasuneko» borroka, alegia.
Azalpenak azalpen, irakurle askori honako galdera etorriko zaio burura: non ote dago Peak 4180 eta zer-nolako jardueraren aurrean gaude? Aitortu beharra dago mendi hori, -Peak Boston ere deitu izan diote- nahiko ezezaguna dela gurean. Argazkian ikus daitekeen bezala, oso erpin erakargarria da, Ak-su eta Kara-su bailaren artean dagoena; hots, Pamir Alaiko Karavshin eskualdean.
Harritzekoa bada ere, granitozko horma ikusgarri hori 1980an deskubritu zen, helikopteroz eginiko hegaldi batean; bederen, mendia bazela aitortu eta Peak 4180 izena jarri zioten. Sei urte geroago, lehen igoera izan zuen. Irakurle askok dakiten bezala, Sobietar Batasuna izandakoan alpinismo txapelketa asko egin da, eta horietako bat aipatutako mendietan egin zen. Hala, talde batek iparraldeko ertza (5b errusiar eskalan) eskalatu zuen.
1988an, berriz, beste txapelketa batean ipar-mendebaldeko hegala lehen aldiz eskalatu zen. «Voronov» bidea, saritutakoa alegia, urte horretan sortu zuen A. Voronovek zuzendutako talde batek, eta 6b gradua eman zioten. Bide zuzena, paretaren erdi-erditik doana da, baina ez da mendi horrek duen ibilbiderik zailena. Ohore hori ekialdeko hegaleko «Klenov» bideak baitu.
Egoera geoestrategiko zein politikoa zirela eta, eskualdeko mendiak eta paretak soilik bertakoek bisita zitzaketen. Atzerritarren lehen igoera 1999. urtean izan zen. Roxanna Brock eta Brian McCray estatubatuarrek «Shakarov» bidea eskalatu zuten.
Hitz gutxitan, horixe da Peak 4180ri buruz egin dezakegun aurkezpena. Han bertan, erpin horretako ipar-mendebaldeko hegalean, oso jarduera onak egin dira, eta, horietako batek, «Voronov» bidean eginiko lehen neguko igoerak, Errusiako Urrezko Pioletaren saria eraman du. 2007an, «zortzimilako» batean (K2n) lortutako emaitza saritu zuten; aurten, aldiz, hormatzar ikusgarri batean sinatutako eskalada bikaina. Zer esana emango du.
Peak 4810 granitozko erpin ikusgarria da, Ak-su eta Kara-su bailaren artean dagoena. Helikopteroz egindako hegaldi batean aurkitu zuten eta orain daukan izena ipini zioten. Atzerritarren lehen igoera ez zen 1999ra arte iritsi. Roxanna Brock eta Brian McCray estatubatuarrek Shakarov bidea eskalatu zuten urte horretan.