Lehiaketak, telebista kateen urte hasierako programazioetan protagonista
Telebista kate nagusietan aldaketak dira nagusi urte hasieran. «Gran Hermano» edota «Caiga Quien Caiga» saioak amaitu ondoren, era guztietako lehiaketek izango dute protagonismoa. Besteak beste, hainbat abeltzain maitasunaren bila abiatuko dira Cuatro-n eta Klaudio Landak zortzi musika talde nor baino nor jarriko ditu ETB1-en. Beste herrialdeetan arrakasta izan duten telesailak edota umorezko saioak ere izango dira 2009 honetan.
GARA | DONOSTIA
Maitasuna lortzen duena, abesteko dohaina duen onena edota trabak ahalik eta ondoen gainditzen dituena sarituko dituzten lehiaketak dira 2009 honetan protagonismoa izango duten telebista saioak; kate nagusiek horien aldeko apustua egin dute.
ETB da horietako bat. Lehen katera, larunbat gauez, Klaudio Landa itzuliko da, musika ardatz duen «Oh Happy Day» izeneko lehiaketarekin. Herri ezberdinetatik etorritako zortzi talde euren artean abesti bat defendatuz lehiatuko dira aste osoan zehar. Cuatro-n ere musikaren aldeko apustua egin dute, oraingo honetan ordea, abeslari ezagunen lanez baliatuko da katea. Izan ere, asteazkenean, Lolita, Marta Sanchez, Soraya, Mikel Erentxun eta Manu Tenoriok kantatzen erakutsiko diete lehiakide taldeei.
Telecincok «Operacion Triunfo»rekin lortutako arrakastaz baliatuz, beste batzuen artean, bertako abeslariek parte hartuko duten lehiaketa jarriko du martxan hilaren 16an. Jesus Vazquezek aurkeztuko duen «Cada loco con su década» saioan, talde bakoitzak hamarkada baten inguruan besteak baino gehiago dakiela erakutsiko beharko du.
Bikotea lortzeko
Cuatro-k estreinatuko duen beste lehiaketan hamar abeltzain hiriko emakumeen artean bikotea topatzen saiatuko dira. Aipatzekoa da, Aitor Aurrekoetxea mungiarrak «Basetxea»n egin bezala, hemen ere parte hartuko duela. Ostiralean izango da hitzordua. Telecincok, gainera, «Guaypaut» estreinatuko du, «Humor Amarillo» saioaren nondik norakoak jarraituz, lehiakideek hainbat oztopo gainditu beharko dituzte.
Orain hilabete batzuk, bestalde, Cuatro katea beste lehiaketa bat prestatzen ari zela jakinarazi zen, oraingoan familiak protagonista izango zituena. Elconfidencialdigital.com atariak iragarri duenez, familiak Afrikako tribu batekin batera bizitzea da saioaren ardatza. Hala eta guztiz ere, kateak ez du horren berririk eman.
Antena3-ek, bestalde, Estatu espainoleko telebistetan aste batean inoiz eman den saririk handiena emango du «Rico al instante» lehiaketarekin, 500.000 euro hain zuzen ere. Parte-hartzaileek larunbat gauean bertan jakingo dute finalista bihurtu diren ala ez, eta saioak irauten duen hogeita hamar minutuetan ikusleak irabazlea aukeratuko du, telefono mugikorraren edo Internet bidez.
Telesailei dagokienez, bestalde, hiru izango dira aurtengo lehen egunetan estreinatuko direnak. AEBetan arrakasta handia lortu duen «El mentalista» hartuko du La Sexta kateak hilaren 14tik aurrera. Antena3en «Doctor Mateo» eta Telecincoren «Acusados» dira beste berrikuntzak.
TVEk, bestalde, Jose Mota komikoaren umorea ardatz duen saioa eta epaitegi kontuak landuko dituena izango ditu bere programazioan.
Cuatrok estreinatuko duen «Granjero busca esposa» lehiaketan, Aitor Aurrekoetxea mungiarraz gain, Tito Martinez Goiuriko (Araba) abeltzainak ere hartuko du parte.