Zubieta
Reala asmatu ezinik aritu da ate aurrean
REAL SOCIEDAD 0
LEVANTE 0
J.L. | DONOSTIA
Realak puntu garrantzitsua batu zuen Levante taldearen aurka. Zuri-urdinek aurrez aurre Liga irabazteko faborito nagusietako bat zuten atzo Zubietan. Hasi aurretik, berdinketa ez zen txarra, baina norgehiagoka ikusi ostean, gehiago lor zitekeen errezeloarekin geratu ziren Zubietara joan zirenak.
Bi taldeek hutsune garrantzitsuak zituzten. Donostiarren artean Lizaso falta zen, eta datozen partidetan ere ez da izango min hartuta baitago. Zelaia ere egoera horretan dago -litekeena da hau lehenago itzultzea- eta Galdona eta Sonia ere jokatu ezinik ziren atzo. Levante ere hainbat hutsunerekin etorri zen, baina zelaira atera zirenek lan eskerga egin zuten, eta ez da aitzakiarik beraz.
Lehen zatian valentziarrek izan zuten baloia. Donostiarrek atzean itxaroten zieten, baina Javier Garmendiak zuzentzen dituen neskek lan bikaina egin zuten, eta ongi eutsi zieten kanpotarrei, Eli Sarasola atezainak ez baitzuen aparteko lanik egin beharrik izan.
Bigarren zatian gauzak aldatu egin ziren. Zuri-urdinak nagusitzen hasi ziren, eta gola egiteko hiru aukera garbi izan zituzten. Bigarren zatia hasi bezain laster, baloi eder bat sartu zion Elgorriagak Encinasi, baina honen jaurtiketa Mariajo atezainak geratu zuen.
Hirurogeigarren minutuan, berriro ere Elgorriaga izan zen protagonista. Erdilari donostiarrak baloia bikain sartu zion Herrerori, baina honek ezin izan zuen kanpotarren atezaina menperatu.
Dena den, aukera garbiena azken minutukoa izan zen. Berriro ere pasea Elgorriagarena izan zen, eta oraingoan Orbegozo izan zen aukera izan zuena. Mariajoren aurrean bakar-bakarrik geratu zen, baina atezain valentziarrak ondo gelditu zuen.
Kanpotarrek, aldiz, bi jaurtiketa besterik ez zituzten egin, eta Sarasolak ez zuen izan aparteko arazorik. Amaieran, puntu berdinketa, baina izandako aukerak ikusita, puntuak etxean geratu izan balira ere ez zen inongo ezusterik izango.
Realak, datozen bi partidak kanpoan jokatu beharko ditu. Lehenengoa, datorren asteburuan Torrejonen zelaian hain zuzen. Horrekin lehen itzuliari amaiera emango zaio.
Gero, Badajozen izango du bigarren itzulia hasteko parada, Puebla taldearen aurka jokatuko du. Zuri-urdinek Kopan aritu nahi baldin badute, bi zelai horietan puntu batzuk ateratzea derrigorrezkoa dute.