GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

AIZKORA

Arria V.a eta Rekondo finalerdietatik gertu dira

p038_f02.jpg

Jon LEUNDA | LEITZA

Arria V.ak eta Rekondok finalerdiak jokatzeko txartela ia eskuetan dute atzo Mindegia eta Senosiain I.a mendean hartu ostean. Atzokoan, ordea, Jon Rekondo ez zen aritu, gripeak jota baitzegoen, eta bere ordez Jose Anjel Zubiaga aritu zen.

Lan bikaina egin zuen Arriak atzokoan eta sekulako erakustaldia eman zuen. Zubiagak ere primeran lagundu zion. Arabarrak joan den igandean lortu zuen lehen mailara igotzea, eta maila horretan egongo den lehen arabarra izango da.

Kolpekako saioarekin ekin zioten atzoko lanari. 45 ontzakoa 36 kolpetan bota zuten, eta hiru kolperen aldea atera zieten Mindegiari eta Senosiaini. Ondoren zutikakoan aritu ziren, eta berriro ere gipuzkoarra eta arabarra gailendu ziren, 2.02 minutuko denbora eginda. Nafarrek, 2 minutu eta 19 segundo behar izan zituzten.

Hirugarren lanean, erlojuz kontrako lana egin behar izan zuten, eta Senosiainek eta Mindegiak lortu zuten lehen garaipena. Minutu eta 42 segundotan bota zuten enborra, eta 2 minutu eta 7 segundo behar izan zituzten Arriak eta Zubiagak, adar handi bat izan baitzuten tartean.

Jarraian, zutik 45 ontzako bat eta etzanda beste bat izan zituzten, eta berriro ere nafarrak izan ziren onenak. 2.11 izan zen beren denbora eta sei segundoko tartea lortu zuten.

Azkenaurreko lanean, 60 ontzakoarekin lehiatu ziren, eta beteranoek berriro ere tartea egin zuten, 3.39 minututan amaitu baitzuten lana, eta hamar segundoko abantaila izan zuten. Iraupeneko probaren aurretik, 23 segundo zituzten alde, eta bazirudien beraientzat izango zela azkeneko garaipena, baina ez zen horrela izan.

Errezildarra, bikain

Iraupeneko proban, ordea, Arriak sekulako erakustaldia egin zuen. Zubiagak ere ederki lagundu zion, eta garaipena erraz lortu zuten azkeneko proba horretan, eta baita amaierakoan ere. 10 minutu eta 10 segundotan amaitu zuten lana, eta aurkariek, berriz, 11 minutu eta 46 segundotan. Guztira, lan guztiak burutzeko, 20 minutu eta 58 segundo behar izan zituzten Arriak eta Zubiagak. 22 minutu eta 11 segundo, berriz, Mindegiak eta Senosiain I.ak. Multzo honetan Larretxea eta Atutxa II.a sailkatuta daude.

Gazteen proba ere bikaina izan zen, bi bikoek sekulako dema eskaini baitzuten. Erasunek eta Kañamaresek irabazi zuten segundo bateko aldea lortuta. 15.16 izan zen haiek egindako denbora, eta 15.17 Saralegirena eta Olanorena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo