KRONIKA Inbasioa
Anbulantziek ere israeldarren tiroak jasotzen dituzte
B ilbon bizi den Alberto Arce, Mewando taldeko (Middle East Without Wars and Oppresion, Gerrarik eta Jazarpenik Gabeko Ekialde Ertaina) kidea, egun Gazan dagoen euskal herritar bakarra da. Kronika honetan Efe berri agentziari eta Espainiako telebistari Israelgo Armadaren inbasioa nola bizi izan duen kontatu zien.
Alberto ARCE
Larunbat gauean hasi zen lurreko inbasioa eta Jabaliah errefuxiatu eremuko Ilargi Erdi Gorriaren anbulantziak etengabe ari dira lanean alde batetik bestera. Hamalau ordu daramatzete etenik gabe lanean, bidaia bat bestearen atzetik egiten.
Errefuxiatu eremuaren inguruan mendixkak daude eta une hauetan Israelgo soldaduak eta tankeak daude bertan. Hortik, frankotiratzaileek mugitzen den ororen kontra egiten dute tiro. Gutxienez hiru aldiz anbulantzien kontra ere egin dute.
Bestalde, palestinarren erresistentzia ere toki guztietan dago, bazter guztietan. Kalashnikov fusilez, granadez eta tankeen aurkako misilez hornituta daude zibilez jantzitako gazte ugari. Kale bazter batera iristen zaren bakoitzean granadak dituzten hiru mutilekin egiten duzu topo, kalean lasai-lasai ibiltzen. Kale-kantoietan daude, tankeen aurkako misilak eskuan israeldarren zain.
Israelgo Armadak ez du batere lan erraza izango kale bakoitza kontrolpean hartzea.
Israelgo mugaren eta hortik hurbilen dauden errefuxiatuen etxeen artean 300-500 hildako daude. Israelgo Armada mendixka batean dago, etxeetatik metro eskas batzuetara, baina oraindik ez dute eremura iristerik izan.
Frankotiratzaile batek zauriturako hiru pertsona Ezzetalbort-era eraman behar izan ditugu ordubetean.
Une horretan bertan, anbulantziek, joan-etorri baten eta hurrengoaren artean, familiak errefuxiatu eremuaren erdigunera eramaten dituzte. Anbulantzia bakar batean 14 haur zenbatzera iritsi gara.
Gero eta gehiago dira eremuko iparraldeko etxeak utzi dituzten familiak. Batzuek anbulantzietara iritsi nahian korrika egiten dute, atzera begiratzen dute eta «juduak, juduak» oihukatzen dute. Arropa eta ogia baino ez dute eramaten.
Anbulantziek ezin dute toki guztietara iritsi. Hiru anbulantzia elkarrekin joaten badira, Israelgo Armadak tiro egiten die.
Horrez gain, kale askotan israeldarrek jaurtitako misilen ondorioz izugarrizko zuloak daude, eta hortik pasatzea ezinezkoa da anbulantzientzat.
Lehergailu batek Nuawia eskola kaltetu du. Zazpi hilabeteko haurdunaldia zuen emakume bat erditzen ikusi dugu.
Ilargi Erdi Gorriaren eraikina ere israeldarren erasoen ondorioz, metrailaz josita dago.
Ia irrati guztietan entzuten den irratsaio batek etxeak utzi eta alde egin dezaten ohartarazten die herritarrei.
Gutxienez bederatzi soldadu israeldar hil direla baieztatu dute. Hori dio irrati palestinarrak, irrati israeldarraren berriak jasoz. [Israelgo Gobernuak ez du berri hori baieztatu]. Palestinako erresistentziak beste bi soldadu bizirik harrapatu dituela ere adierazi dute.