Gazako hondamendia, munduaren lotsaizun
Gerra hegazkinek zortzi egunez Gazako zerrendan heriotza erein eta aspaldiko triskantzarik handiena egin ondoren, armada israeldarraren tankeak lur hartan dira herenegun gauetik, heriotzari segida ematen. Mundu osoan Israelen erasoen aurkako mobilizazioak gero eta jendetsuagoak direnean, nazioarteko komunitatearen eta erakunde ofizialen jarrera ulertezina baino areago onartezina gertatzen da. Badakite 500dik gora palestinarren odolak ez dituela itoko.
Mendebaldeko hedabide nagusiek gertakarien kronologia bitxia eskaini dute egunotan. Horren arabera, Gazako krisia abenduan, Hamasek su-etena hautsitzat jo zuenean, hasi zen. Egia, ordea, askoz zabalagoa da, bai denborari bai gertakariei dagokienez. Izan ere, su-etenak iraun zuen sei hilabeteetan Israelek ez zituen bere konpromisoak behin ere bete. Blokeoa altxatu ez eta palestinarren aurkako erasoak egiten jarraitu zuen, baina hura ez zen nahikoa izan Nazio Batuen edo Europar Batasunaren patxada asaldatzeko. Gazako Gobernuan den alderdiak, zerrendako gainerako alderdien oniritziarekin, egoera hartan ezin zutela jarraitu iragarri zuenean, ordea, salaketa gogorrak jaso zituen. Nazioarteko komunitatearen hipokrisia erakustaldi horren ondorioz, badirudi Gobernu sionistak Gazako zerrenda inbaditzeko izan duen zalantza bakarra Hezbolaren kontrako gerran izandako esperientzia mingarriak sortutakoa dela, Israelgo hauteskundeak hurbil izanik, Libanoko porrota errepikatzea edo hura kitatzea dagoela jokoan sumatuta.
Nazio Batuen Erakundearen eraginkortasunik eza inoiz baino ageriago geratu denean, Europar Batasunak -bere presidentetzak Israelen operazioa «bere burua defendatzeko» dela adierazi izanak sortu zuen «gaizki ulertua» gainditu ondoren- atzo misio bat bidali zuen Ekialde Hurbilera. Haren helburua «krisi humanitarioa konpontzen laguntzea» da. Premia biziko helburua, inondik ere, baina ezer gutxi balioko du hurrengo sarraskiaren zain geratzeko bada. Europar Batasunak badu Israeli presio egiteko mekanismorik, arazo nagusiari, okupazioari, behingoz heltze aldera. Hala ere, bere interesek herri baten hondamendia baino pisu handiagoa dute.