Meningitisa duen haurrak eta azterketen emaitzen zain dauden biek hobera egin dute
Oraindik ere bost pertsona daude ospitalean meningitis gaitza dela medio. Horietako bi, gaitza duten ala ez frogatzeko azterketen emaitzak jaso bitartean, Zainketa Intentsiboetako Unitatera eraman dituzte.GARA |
Nafarroako Gobernuko Osasun Saileko arduradunek aditzera eman dutenez, meningitisa atzeman dioten haurrak eta gaitz hori duten aztertzeko erietxean dituzten beste bi haurrek hobera egin dute. Hala ere, hirurek Iruñeko Virgen del Camino ospitalean eta Burgoseko Yagüe ospitalean jarraitzen dute. Halaber, abenduaren 20an gaitz larri horrek jota ingresatu zituzten 80 urteko gizona eta 14 urteko neska iruindarra ere Virgen del Camino ospitalean daude oraindik ere.
Nafarroako Gobernuko arduradunek aditzera eman zutenez, larunbatean utzi zuen Virgen del Camino ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatea, joan den abenduaren 30ean B motako meningitisak jota ingresatu zuten haurrak. Larunbataz geroztik, ospitaleko gela arruntean dago haur nafarra, eta medikuek jakinarazi dutenez, hobera egiten ari da pixkanaka. Bost urte ditu haurrak eta Beire herrikoa da.
Alabaina, oraindik beste bi haur nafar ospitalean dira. Meningitisaren sintomak zituztelakoan ospitalera eraman zituzten arren, oraindik ez da ziurra eta hala den aztertzen ari dira medikuak, beharrezko probak eginez. Horietako bat, Antsoaingo hiru urteko haurra, joan den urtarrilaren 1ean eraman zuten Iruñeko ospitalera eta oraindik ere froga gehiago egin behar dizkiote. Hala ere, badaezpada ere, ospitaleko pediatria saileko Zainketa Intentsiboetako Unitatean dago.
Bigarren haurra, aldiz, Burgoseko Yagüe ospitalean dago; hau ere Zainketa Intentsiboetako Unitatean hain zuzen. Hemezortzi hilabeteko Iruñeko haurra egun berean ospitaleratu zuten, eta oraindik azterketa mikrobiologikoen emaitzen zain daude Burgoseko ospitaleko medikuak.
Zazpi pertsona artatuak
Abenduaz geroztik, Nafarroan meningitis kasuak ugaritu dira. Hala, dagoeneko zazpi dira meningitisak jota herrialdeko ospitaleetan artatu behar izan dituztenak.
Iruñeko Virgen del Camino ospitalean jarraitzen dute abenduaren 20an ingresatu zituzten beste bi pertsonek ere. Bata, 80 urteko gizona da eta bestea, berriz, hamalau urteko neska iruindarra.
Guztira lau pertsona izan dira oraingoz senda-agiria jaso dutenak. Hala nola hiru urteko haur bat, eta 16, 19 eta 47 urtetako hiru emakume.
Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak kasu horien artean inolako loturarik ez dagoela nabarmendu etengabe, nahiz eta horiek gertatutako denbora tarteari eta lekuari erreparatuz gero, parekotasunak agerikoak izan.
Antsoaingo hiru urteko mutikoa eta bederatzi hilabeteko haurra ospitaleko pediatria saileko ZIUn daude, osasun azterketen emaitzen zain.
B tipoko meningitisa duen bost urteko haur nafarrak, aldiz, larunbatean utzi zuen Virgen del Camino ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatea eta gela arruntean dago orain.