GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Binakako Txapelketaren lehen jardunaldiko bigarren partida

Azken unean ekinez ez daiteke ezina egin

Gonzalezek eta Barriolak joko ederra egin eta garaipena eraman zuten, irregulartasunaren gatibu izan ziren Pablo Berasaluze eta Oier Zearraren aurka.

PABLITO - ZEARRA 13

GONZALEZ - ABEL 22

Koldo AKORDARREMENTERIA | EIBAR

Gonzalez eta Barriola. Joko kaotikoa eta burua; bizitasuna eta pazientzia, ezkerra eta eskuina, Iparraldea eta Nafarroa. Bikote bikaina osatzen dutela erakutsi zuten bart berriro ere; osoa, orekatua, eta arriskutsua. Azkaindarrak atzean aurkitu du lasaigarri lanak egingo dizkion aholkularirik egokiena, eta leitzarrak aurrean du bere jokoaren osagarri onena. Iaz ere lan bikaina egin zuten batera, eta Aspeko arduradunek ongi dakite aukera handiko bikotea dutela. Atzo, inork uste zuena baino askoz erosoago lortu zuten garaipena; hein handi batean aurkariek emandako erraztasunengatik.

Neurketa bikain hasi zen. 65 pilotakadako tantoa, Pablitoren gantxo zoragarri batekin amaitua. Harrigarria izan zen gorrien hasiera; elektrikoa. 3-1 jarri ziren aurretik, eta itxura bikaina ematen ari ziren, bai Berasaluze bera, bai Oier Zearra. Baina gauzak zer diren. 15 minutu baino ez ziren igaro, eta Eibarko Astelenako giroak argitik ilunera egin zuen. Emaitza beldurgarria zen, eta egoera zer esanik ez; 5-17 urdinak aurretik, eta artekariak harmailetako eserlekuetan eserita, partida lasai ikusten.

Zirt-zart izan zen dena. Konturatzerako lehia apurtuta zegoen, guztiz zatituta. Edo ez. Artekariek, antza, ahaztu egin zuten frontoian Pablito Berasaluze zegoela; 2008ko udako jokalaria. Bada, berriztarrak oraindik ere sasoi bikainean dagoela erakutsi nahi izan zuen, bere alde eginiko apustua eskertzeko asmoz. Gainera galdakoztar atzelariari ere ez zitzaion komeni halako itxura eskasik ematea. Horrela gorriak lanean hasi ziren, hil ala bizi. Eta ahaleginarekin batera, 8-1eko partziala heldu zen beraien alde. Berriro ere harmailetan zoramena pizteko moduko tantoak lortu zituen aurrelari bizkaitarrak: 13-17 markagailuan. Erreakzioa berandu heldu zen, ordurako urdinek ondo lotuta zuten garaipena. Baina tira. Emaitza estu batek beti erakartzen du gehiago ikuslea.

Handik aurrera joko polita plazaratu zuten berriro. Tantoak oso borrokatuak ziren atzean. Baina bi aurrelariek pazientziari dioten alergia ezaguna izanik, pilotaren joan-etorria aurreko koadroetara iritsi bezain laster, segundo gutxiren buruan tantoa baten edo bestearen alde geratzen zen. Azkenean emaitzak joko errealari justizia egin zion, eta Barriolak eta Gonzalezek, garaipenaz gain, ligaxkako lehenengo puntua ere erdietsi zuten. Bizkaitarrek osatutako bikoteak ez zuen guztiz gaizki jokatu, baina Abel eta Sebastien gehiago izan ziren. Ez dago analisirako tarte gehiagorik. Badakizue: normalean ezina ekinez egiten dela, baina ez da beti hala izaten.

 

Errege bezperako opari onena: irabazten hastea

Eskuz binakako 2009eko txapelketak aurrera jarraitzen du. Gaurkoan lehen jardunaldiko hirugarren neurketa jokatuko da, eta bertan Oinatz Bengoetxeak eta Belokik Xala eta Laskurainen aurka jokatuko dute Tolosako Beotibar pilotalekuan (18.00).

Gorriz, aurtengo eskuz banakako txapelduna eta une honetan sasoi betean dabilen burlatarra jantziko dira. Aurrean, berriz, sekulako joko maila erakusten ari den Xalak, joan den urteko txapelketako finala jokatu zuen Aritz Laskurainekin egingo du bikote. Errepikakor ere gera daiteke, baina gaurko neurketak ere ez dauka aspergarri izateko itxurarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo