Josebe EGIA
Denon keinuek dute balioa
Kalera atera eta mobilizatzen ari gara, jendearengana heltzeko dauden bitarteko guztietan sentitzen dugun haserrea, ezintasuna eta lotsa, munduan boterea dutenez eta ordezkatzen gaituztenez sentitzen dugun lotsa, adierazten ari gara, elkartasunaren indarra eta ahalmenari forma eraginkorra eman nahian gabiltza... Baina gu hemen gaude, salbu-edo, eta haiek Gazan daude, sarraskiaren aurrean ezer gutxi egin ezinik. Ezer gutxi armaz -eta laguntzaz, boteretsuen artean boteretsuarena baitu orain ere, sinestezina iruditzen zait, benetan- jositako gudaroste israeldarraren kontra, dena kendu diena, hasi lurraldetik eta bizirauteko edozein aukeraraino. 1967tik.
1967tik, Israeleko Gobernuak bere mende dauka Gaza, zoritxarreko lurralde hori, kontzentrazio-esparrurik ezagunena, nazioarteko komunitate osoaren begirada epelaren pean. Itota, zanpatuta eta ezeztatuta Palestina. Baina abenduaren 17tik, badirudi bertako biztanleria guztia akabatzea erabaki duela. Di-da, dardara egin gabe.
Izan ere, dagoeneko badira 1.000 lagun baino gehiago hildakoak, erdia baino gehiago haur eta emakumeak, noski, ahulenek baitute gehien galtzeko arriskua beti; gerretan bizitza, eta hau libratuta ere, duintasuna eta norberaren osotasuna. Zer esanik ez genozidioetan. Gertatzen ari denak ez baitu beste izenik. Honek genozidioa, eta hau bukatzen denekoak? Zer izen izango du horrek?
Ezin dut irudikatu ere egin zer izan behar den han emakume izatea. Armadaren kontrol-postuetan erditzea, haurra biziko den ez jakitea, eta biziko bada ere nola egingo duen pentsatzea, familia inolako baliabiderik gabe aurrera eramatea, haien osotasuna, zeurea, zaintzea, bonbetatik ihes egitea, anaia, senarra, aita, laguna... non egongo ote den, biziko ote den ez jakitea. Eta horren guztiaren erdian, gatazkaren konponbidean ahotsik apenas dutela ulertzea. Izan ere, munduko eremu horretan bakea lortzearren egindako saiakeretan ikusezina izan da emakumeen ordezkaritza. Haientzako, egunerokotasunaren sufrimendua eta dena bukatzeko itxaropen txikia, besterik ez. Ezin dut irudikatu ere egin norainoko ezintasunez beteta biziko diren.
Horren guztiaren erdian eta gauza onen kolorea ekartzearren, Noa abeslari israeldarrak Eurovisionera joateko egindako eskakizuna: Mira Awad palestinarra berarekin batera joatea. Euren lurralderako bake-mezua zabaldu nahi baitute, abestuz, eta gatazkaren bi aldeetan dauden pertsonek, armada eta estatuetatik at, bakea eta bizitza duina nahi eta behar dutela erakusteko.
Noak eta Mirak ez diotela gatazkari amaiera emango argi dago. Hain erraza balitz... gurean ere beste kuku batek joko luke. Baina keinuak hutsalak direla sinestea ere akatsa dela uste dut. Herritarrengan, erresistentzia eta bizitzeko kemena gehien behar dutenengan, zirrara eta aurrera egiteko grina sortzen baitute eta, agian gehien behar denean, zubi guztiak ez daudela lehertuta gogora ekar dezaketelako, esaterako, beltzezko emakume palestinar eta israeldar ausartek astero erakusten duten zubia.