Jesus Mari Mendinueta Arbizuko alkatea eta ezker abertzaleko kidea
Palestina: elkartasuna konpromisoekin erakusten delako, Israeli boikota!
Bai Palestinak bai Euskal Herriak ukatuak dituzte beraien eskubideak; bi herriei etorkizuna ukatu nahi zaie eta horregatik bien arteko elkartasuna ezinbestekoa da. Baina elkartasuna ez da hitzekin bakarrik erakusten.
Euskal Herritik estutasunez eta amorruz ari gara bizitzen Israelgo Estatua Palestinako herriaren aurka Gazan egiten ari den sarraskia. Sentimendu horiek, gainera, sakondu egiten dira egoera horren aurrean Mendebaldeko hainbat gobernu eta nazioarteko erakunde erakusten ari diren hipokrisiarekin.
Ameriketako Estatu Batuak, Europako Batasuna eta NBE, beste batzuen artean, benetan nolakoak diren erakusten ari dira. Izan ere, beste aldera begiratu eta sarraskia justifikatzen dute edo edukirik gabeko deklarazioak egiten dituzte Israel boteretsua ez oztopatzeko. Jarrera horrek Israelgo Estatuaren konplize bihurtzen ditu.
Beraien burua mundu mailako epaile izendatu dutenek gerrak, eta milaka hildako, eragiten eta justifikatzen dituzte, betiere beraiek inposatzen dituzten joko arauen desobedientzien arabera. Joko arau horiek, noski, beraien interes ekonomiko eta estrategikoen arabera eraikitzen dituzte eta horien arabera erabakitzen dute balizko epaile horiek nork egin dezaken sarraskia eta nork sufritu behar duen. Eta, argi dago, Israelek hiltzeko lizentzia duela eta Palestinako herriari, berriz, hiltzea edo erbesteratzea baino ez zaiola uzten.
Bi aukera horiek dira, hain justu ere, azken hamarkada luzeetan Israelgo Estatuak Palestinari eman dizkionak. Eta horretarako Israelek Mendebaldeko gobernuen lankidetza eta konplizitatea izan du. Palestinarrei lurrak kentzen zaizkie, ezinbesteko baliabideak, ura, soroetarako lurrak, elikagaiak eta abar, lapurtzen zaizkie, etxeak botatzen dizkiete kolonoei emateko, itzeleko harresia eraikitzen diete oraindik eta lur gehiago lapurtzeko eta beraien bizi baldintzak oraindik eta gehiago okertzeko, isolatzeko, lanera joatea ezinezko bihurtzeko, lehengaiak jasotzeko oztopoak izateko, osasun eskubiderik ez izateko...
Azken finean, biziraupena ezinezko bihurtzen dute herritarrek beraien herria utz dezaten eta Israelek Palestina osoa bereganatzeko aukera izan dezan. Izan ere, hori da Israelen azken helburua eta horregatik eraso egin dio Palestinari era etengabean azken sei hamarkada luzeetan. Palestinarrek erresistentziaren alde egiten badute edo beraien herrian gelditzeko hautua egiten badute, suntsitu egiten dituzte.
Genozidioaren estrategia honen barruan, azken urteetako gertakari larrienak eta krudelenak Gazako azken hilabete honetako bonbardaketak dira. Erasoa herritar guztientzako zigorra da eta, erasoaren bidez, demokratikoki egindako hauteskundeetan Hamasek Gazan lortutako garaipena zigortu nahi da. Hala ere, Palestinako herriak bizirik jarraitzen du eta Euskal Herritik gure elkartasuna erakutsi nahi diegu.
Arbizuko herria Palestinako Mazda herriarekin anaikidetu zen 2001ean. Euskal Herria eta Palestinaren arteko elkartasuna elkar ezagutzatik eta konpromisoetatik eraiki behar dela uste dugu. Bai Palestinak bai Euskal Herriak beraien eskubideak ukatuak dituzte; bi herriei etorkizuna ukatu nahi zaie eta horregatik bien arteko elkartasuna ezinbestekoa da. Baina elkartasuna ez da hitzekin bakarrik erakusten. Israeletik liberatzeko prozesuan Palestina lagundu behar dugu.
Presio moduan, Palestinako 200 erakunde zibil ISRAELI BOIKOTA bultzatzen ari dira. Ekimen hau Euskal Herri osora zabaltzeko konpromisoa hartzen dugu eta ekimen horretan parte hartzeko deialdia luzatzen dugu.
Israelgo Estatu genozidari boikota, Israelgo jatorria duten edota Israelen ekoitzi diren produktuei boikota, Israelen interesak dituzten produktuei boikota. Ez hori bakarrik, Israelgo Estatua ordezkatuz gurera datozen talde edo entitateei ongi etorriak ez direla erakutsi behar zaie. Elkartasun kontzeptua edukiekin eta ekintzekin bete behar dugu; oso erraza da deklarazioak egitea, ongi gelditzea eta gure jarrera ezer egin gabe zuritzea. Pausu bat gehiago emateak konpromisoak hartzea suposatzen du.
Mendebaldeko gobernuak Israelgo Estatu zapaltzailearen konplizeak dira, eta ez dute ezer ere egingo. Horregatik, Palestinatik deialdia luzatu digute Euskal Herritik erantzuteko eta guk egin egingo dugu.
Israeli boikota egitea da tresna onena genozidioa gelditzeko eta Israeli negoziazio bidea har dezan presionatzeko. Munduko gatazka guztiek bezala, Palestina eta Israelen artekoaren konponbideak ere hiru oinarri ditu: elkarrizketa, negoziazioa eta herrien eskubideen aitortza.