KRONIKA Danbor eta arropen egileak jo eta su lanean
Danborraden soinu-jantzien «aitak»
Ez dira Konstituzio plazako taularen gainean izango, ezta hiriko kaleak tanbor hotsez alaituko dituzten danborradetan, baina jaiaren benetako protagonistek adina lan egin dute. Danborrez eta jantziez hornitzen dute ospakizuna eta azken boladan atseden hartzeko asti handirik gabe aritu dira lanean. Gaur eurentzat ere egun handia izango da.
Maider EIZMENDI
Joxe Manuel Agirre tolosarra Donostiako kaleetan entzungo diren danbor hots ugariren «aita» da. Tolosan duen tailerrean «kontatu ezin adina» ordu igaro ditu danborrak, makilatxoak, zuzendari makilak... egiten; «mimoz», tradizioak agintzen duen moduan. «Halabeharrez ikasi nuen, dultzaina jotzen hastean. Orduan ez zegoen gaur adina bitartekorik; horrenbestez, norberak ikasi behar zuen konponketa lanak egiten. Lantokia uztean, honetan serio hastea erabaki nuen orain hogeita bost bat urte».
Emazteak eta biak egiten dute lan, baina lan asko dutenean alabak ere izaten ditu laguntzaile. «Zorteko naiz, nire familiak ni jotako musika jarraitu baitu», azaldu du.
Urte guztian izaten dute lan txistularientzako, pandero-joleentzako eta dultzaineroentzako korpusak eta dantzarientzako materialak osatzen, baina San Sebastian Eguna bere zita handietakoa bilakatu da.
Aurten estreinatuko diren hiru danborrada berri hornitu ditu eta beste hainbat danbor konpontzen ere aritu behar izan du. «Zaila da danborraren partxea jotzearen jotzeaz haustea, baina jendeak puskatzen ditu, parrandan ere haiekin ibiltzen delako; eta makilak, berriz, galdu egiten dira asko», azaldu du.
Danborradetarako egin ohi dituen danborrak kolore, tamaina eta ezaugarri bereziak izaten dituzte, batez ere, erabiltzen diren materialengatik. «Nik normalean tanborren partxea egiteko antxume larrua erabiltzen dut, egokiena delako. Hala ere, danborradetarako plastikoa ere erabiltzen da, baita olio partxeak ere azken urteetan, soinu aldetik paretsuagoak direlako. Ez hori bakarrik, mantentze lanak ere larruzko partxeenak baino askoz ere merkeagoak dira».
Materialen inguruan, ordea, zorrotza da: «Oinarria mantentzea ezinbestekoa da; perkusio naturala nahi bada material naturalak erabiltzea ezinbestekoa da». Eta horretan dituzte buruhauste ugari, horiek eskuratzea ez baita beti erraza izaten: «Erabiltzen ditugun materialen erabilera industriala gero eta eskasagoa da eta arauak ere zorrozten ari dira. Beraz, bateren batek huts egiten badizu, beste hornitzaile bat lortzea ez da batere erraza izaten».
«Kito! esan arte lanean»
Gisa honetako egunak edota inauteriak iristean, ordutegirik gabe aritzen dira lanean etxekoak; «kito!» esandakoan amaitzen dute. Hala ere, Agirrek dio gero eta aurreikuspen gehiagorekin datozkiola bezeroak. «Irailerako edo enkargurik handienak jasotzen ditugu eta pixkanaka joaten gara osatzen; danborrada berrien kasuan, abenduaren erdirako edo bukatuta izaten ditugu; konponketekin bada urte guztian ganbaran izan eta azken orduan danborra hautsita duela konturatzen denik, baina gero eta gutxiago», argitu du.
Egindako lan guztiaren ostean, datozen egunetan ere ezin atseden handirik hartu. «Danborradako tresnak prestatzeko beste lantxo asko alboratu behar izan ditugu eta horiei eutsi beharko diogu orain; gainera, laster inauteriak datoz eta orduan ere lan asko izaten dugu».
Fernando Arnal Donostiako Gros auzoan dagoen Angelita dendako arduraduna da. Inauteriak dira bertako langileentzat egunik lanpetuenak, baina San Sebastian Egunaren karietara ere makina bat lan izaten dute. Etxean egin eta jositako danbor eta sukaldari arropak alokatzen dituzte egun honetarako, baita danborrarien trajeak ere. «Batez ere danborrada berriek alokatzen dituzte, diru asko ez dutelako edota datorrenerako egiteko asmoa dutelako», azaldu du. Aukera ona da, «sukaldari arropa eguneko 24 euro kostatzen da eta gero denda bera arduratzen da garbitzeaz». Arropaz gain, Arnal berak egiten dituen danborrak ere alokatzen dituzte. «Aurten 400 bat alokatu ditugu eta beste ehun bat edo beharko genituzke izandako eskaera guztiari erantzuteko».
«Oihaletan dago aldea»
Jantziak ere egiten dituzte «elkarte eta eskolentzat», baina aurten ez dute aparteko lanik izan Arnalek esan duenez. Batetik bestera alde handia dago, batez ere aukeratzen den oihalaren eta apaingarrien arabera. «Guk egin ditugu 90 euroko arropak, baina baita 200 eurotik gorakoak ere. Aldea batzuk edo besteak egiten eman beharreko ordu kopuruan dago».
Hala ere, jantzietan berritasun handirik sartzerik ez dago, Kultur eta Turismo Ekintzetxeak arau zehatzak baititu; «jada existitzen diren jantziak izan behar dira halabeharrez». Koloreen artean, zuria, gorria eta urdina dira gehien erabiltzen direnak. «Badira tartean kolore bereziagoak sartzen dituztenak, baina errejimendu konkretuak dira», esan du Arnalek.
Jantziak egiten zein konpontzen makina bat ordu sartu dituzte. Kolorea galdu duten oihalak berreskuratzen egin behar izaten dute lan gehien, baita txiki geratutako arropa egokitzen ere: «Gabonen ostean segituan iristen da San Sebastian Eguna eta aurreko urtean estu samar zegoen jantzia sartu ezinik ibiltzen dira batzuk. Batetik eta bestetik zabaldu behar izaten ditugu, baina beti ezin izaten da konpondu».
Gainera, asko azken orduan eta presaka ibiltzen dira. Hori bai, ez danborradako jantziekin soilik. «Pentsa, ezkon egunean bertan etorri izan zaizkigu ezkongaiak trajearen bila!».