GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

MENDIKO ESKIA Sierra Nevada

Gazteak berriro protagonista nagusi

Mireia Miro eta Kilian Jornet nagusitu ziren Sierra Nevadan jokatutako Mendiko Eskiko Erloju Kontrako Igoerako Espainiako Txapelketan. Izaskun Zubizarreta, iazko txapelduna, hirugarren sailkatu zen.

p044_f01_64366.jpg

Andoni AraBAOLAZA

2008. urtearen amaieran aipatu genizuen mendi eskiko egutegi ofiziala hasia zela; bederen, Munduko Kopari dagokionez. Gure ingurumari honetan, berriz, oraintsu jarri da martxan; hain zuzen ere, FEDMEko zirkuituarekin. Lehen hitzordua Granadako Sierra Nevadan izan dute. Bertan, Mendiko Eskiko Erloju Kontrako Igoerako Espainiako Txapelketa jokatu da.

Munduko Kopako lehen proban aurreratu genizuenez, aurtengo denboraldian oihartzun zabala izango dute espezialista gazteenek, nahiz eta nagusien mailan lehiatu. Hitzordu hartan Mireia Miroren eta Kilian Jorneten sasoi bikaina aipatu genuen, eta, nola ez, FEDMEko lehen hitzorduan ere oso maila ona erakutsi zuten bi eskiatzaile katalanek. Biek ala biek irabazi zuten nagusien mailan. Beste era batera esanda, aurreikuspenak bete zituzten.

Egungo eskiatzaile indartsuenak dira, eta hilaren 11n jokatutako txapelketan egundoko erakustaldia eman zuten. Biak ala biak sasoiko daude eta denboraldi honen hastapenetara oso indartsu iritsi dira.

Antolatzaileek buruhauste bat baino gehiago izan zuten lehia jokatu aurretik. Izan ere, oso baldintza kaskarrak zeuden, eta, ondorioz, hainbat ibilbide aztertu behar izan zituzten parte-hartzaileen segurtasuna bermatu ahal izateko. Azkenean, 3.000 metroko garaieran jarri zuten helmuga. Parte-hartzaileek, guztira, 7.200 metroko ibilbideari eta 950 metroko desnibelari egin behar izan zieten aurre.

Nesketan, hasiera-hasieratik, Mirok argi asko utzi zuen bera zela indartsuena; azkenean, aise irabazi zuen. Haren atzetik Gemma Arro 2 minutura geratu zen eta hirugarrena Izaskun Zubizarreta izan zen 5 minutu pasatxora. Euskal ordezkari bakarra izan zen oiartzuarra eta aurtengoan ezin izan zuen iazko garaipena errepikatu. Hori bai, kontuan hartu behar da lesio bat gainditu berri duela.

Mutiletan, bestalde, oso lehia estua izan zen. Helmugarako 500 metro falta zirela (hots, junior eta kadeteen helmugan), Marc Pinsach juniorra zen aurrena. Garaiera horretatik aurrera, berriz, behe-lainoa eta elur-bisutsa azaldu ziren. Azkenean, oso esprint estuan, Jornetek 9 segundoko aldea atera zion Miguel Caballerori helmugan. Hirugarrena Javier Martin izan zen 30 segundora. Iazko garailea, Oscar Roig, laugarrena izan zen. Nahiz eta euskal eskiatzaile batzuk izan, nagusietan ez zuten sailkapen onik erdietsi. Gazteen mailan, kadeteetan, Jon Leibarrek hartu zuen parte eta seigarren postuan amaitu zuen.

Altitoy «eroa»

Sierra Nevadatik Luz Ardidenera eta Tourmaletera egin behar dugu salto. Izan ere, urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean Altitoy Irekia jokatuko da bertan. Guk «ero» hitza gehitu diogu irekiari, inolako zalantzarik gabe horrela definitu beharreko proba baita. Euskal Mendizale Federazioko mendiko eskiko sailak aurtengo egutegia aurkeztu zuenean, Altitoy Irekiari bigarren urtez jarraian garrantzi handia emango ziola aipatu genuen. Eta, orain, behar duen oihartzuna jaso duela baiezta dezakegu.

Proba horretan Euskadiko Txapelketa zein Euskadiko Kopako lehen proba jokatuko dira: urtarrilaren 31n, Luz Ardidenen, banakako proba; eta otsailaren lehenbizikoan, Tourmaleten, taldekakoa. Horretaz gain, lehiatu nahi ez dutenentzat, hau da, herrikoientzat, beste ibilbide bat ere prestatu dute. Biak ala biak oso alpinoak.

Bi lehia garrantzitsu horiez gain, gazteentzat antolatutako Petit Pirineus Sariko lehen hitzordua ere Altitoyn egingo da. Eta hori guztia gutxi balitz, FEDMEk irekiaren azpiegitura baliatu nahi izan du Espainiako Kopako lehen lehia ere bertan jokatzeko.

Hitzordu uholde hori dela eta, lotarako prestatutako lekuak bete egin direla aurreratu dute antolatzaileek. 500 eskiatzailetik gora izango dira asteburu horretan Luz Ardidenen eta Tourmaleten. Eroa zein erakargarria, horixe da Altitoy Irekia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo