San Sebastian eguna
Urola Kosta danbor hotsez alaituko dute azpeitiarrek
Ez dadila inor haserretu, baina oraindik baten batzuk danbor hotsak Donostiarekin lotzen dituzte. Bada, Azpeitian ere jai handia da San Sebastian Eguna eta gaur, bezperan, makina bat herritar irtengo da kalera Sarriegiren doinuak entzunaraztera, tartean 1974. urtean sortutako Lagun Onak Mendi Bazkuneko partaideak.
Maider EIZMENDI |
Danbor hotsak aipatu eta berehala Donostiara begira jartzen dira asko, baina Azpeitian ere gogor jotzen dute danborra San Sebastian bezpera honetan. Orotara 19 taldek hartuko dituzte iluntzean Azpeitiko kaleak, 850 pertsonek baina gehiagok.
Tartean izango dira Lagun Onak Mendi Bazkunako 40 danbor-joleak, haien artean Angel Mari Etxeberria. 1974an sortutako danborrada honetako kideak tiroldar jantzita irteten dira eta mendizaleek erabili ohi dituzten materialez hornituta irekitzen dute danborrada. Txakurra ere badaramate eta urte honetan, gainera, buruhauste franko eman dizkie: azken urteetan atera dutena orain egun batzuk hil zen eta ordezkoa bilatzen aritu behar izan dute.
Gainerakoan, prestaketa handirik ez: gehienak jada eskarmentua dute eta, beraz, entsegu askoren beharrik ez dute. Azken astean aritu dira danbor hotsak fintzen eta hiru ordutxorekin nahikoa izan dute.
Hogeitaka urte daramatza Etxeberriak egun honetan danborradan parte hartzen eta oraindik behintzat ez dauka zita hau galtzeko inolako asmorik. «Belaunak aguantatzen duten bitartean eta bidaltzen ez nauten bitartean segituko dut», argitu du; izan ere, San Sebastian bezpera jai oso herritarra da Urola Kostako herri honetako biztanleentzat. «Eguna lanean ematen dugu, baina goizago irten eta guk behintzat zazpi eta erdiak aldera afaria izaten dugu; aurretik pare bat pote hartzeko tartea hartzen badugu, hobe», esan du.
Ez pentsa, afari-merienda orduan egiten badute ere hitzordua, mahai oparoa izaten dute. «Angularik ez dugu jaten, baina ederki afalduta irteten gara». Ostean, 21.30ean, jantziak jartzen hasi beharrean izaten dira, puntual-puntual zitara iristeko; izan ere, plazaratu aurretik herriko kaleak zeharkatu eta danbor hotsez dardarka jartzen dituzte.
Gauerdian iristen zaie, ordea, eguneko zita nagusia. Udaletxe Plazan, eta guztiek elkarrekin, Sarriegiren doinu nagusiak jotzen dituzte, ahalik eta ozenen.
Amaitutakoan, berriz, arropak aldatu eta parrandara. «Ezin dugu danborradako arropekin atera; horiek zaindu beharra dago hurrengo urtean ere zer jantzia izateko». Beste herritar askok bezala, gustuko du Etxeberriak San Sebastian Eguna: «Azpeitian lan egiten dugunok jai dugu eta kanpotik jende asko ez da etortzen; donostiarrek ere izaten dute jai, baina haiek han ere badute zereginik», amaitu du barrezka.
«Azpeitiko eta Euskal Herriko egungo testuinguruan oinarrituta, gatazka eta sufrimendu guztiekin amaitzeko gako diren bost kontzeptu ardatz hartuta» egingo da danborrada nagusiko aldarrikapena: «Euskal Herria, hitza eta erabakia, elkarrizketa, konponbidea eta bakea».