AIZKORA
Larretxeak eta Atutxak erraz eskuratu dute beren multzoko lehen postua
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Larretxeak eta Atutxa II.ak aurreikuspenak bete eta erraz menderatu zituzten Lopez eta Vicente; horrenbestez, beren multzoko lehen postua eskuratu dute. Lehendik ere finalerdietarako txartela segurtatuta zuten, baina lehen edo bigarren amaituko zuten jakitea falta zen. Azkenean, lehenak izango dira. Arria eta Rekondo ere finalerdietarako sailkatu dira.
Nafarrak eta bizkaitarrak probako ekinaldi guztiak irabazi zituzten, eta ez zuten aparteko eragozpenik izan horretarako. Amaieran, lan guztiak burutu ahal izateko 19 minutu eta 31 segundo behar izan zituzten; Lopezek eta Vicentek, aldiz, 21 minutu eta 5 segundo.
Multzo honetan erabaki beharrekoak erabakita daude. Larretxea eta Atutxak multzoko lehen postuan amaituko dute, eta bigarrenean, berriz, Arria eta Rekondok. Lopez-Vicente eta Mindegia-Senosiain I.a kanpoan geratuko dira. Bigarren multzoan ere ezagutzen dira jada finalerdiak jokatuko dituzten aizkolariak; aldiz, oraindik ez da erabaki nola banatuko diren lehen bi postuak. Nazabal-Mugertza II.a eta Arrospide-Azurmendi sailkatuta daude, baina beraien arteko neurketaren ostean jakingo da bikote bakoitzak zein postu lortuko duen.
Marka handia
Aditu askok diote Urdax Magunazelaia izango dela Aimar Irigoienen aurkaria, oraindik ere horretara heltzeko bide luzea geratzen zaion arren. 11 urteko bizkaitar honek, ordea, aho zabalik utzi zituen herenegun zaleak Getarian egin zuen marka saiakeran. 100 kiloko errektangularra izan zuen lanerako, eta bost minutuko txanda bat. 11 urte besterik ez eta bost jasoaldi eman zizkion; minutuko bat. Garbi dago etorkizun ikaragarria duela, jasotzeaz gain, nolako jasoaldiak egin zituen ikustea ere latza izan baitzen. Harria gerrira ekarri eta buelta eman ostean, kolpe bat nahikoa zuen harria berdintzeko; horrek argi erakusten du zenbat indar duen mutil honek. Irakaslea ere oso ona du, Zelai baitabil berarekin.
Asier Alegriarentzat txapela
Asier Alegriaren abereak irabazi zuen herenegun gauean Aian jokatu zen Euskal Herriko Zaldi-Mando Proba Txapelketa. Bertan, urtean zehar aritzen diren hiru onenak lehiatu ziren. Alegriaren abereak 83 plaza eta 6 zinta egin zituen. Bigarren, berriz, Kobarena sailkatu zen, eta honek, 82 plaza, zinta 1 eta 1,32 metro egin zituen. Hirugarren Uriarte sailkatu zen 78 plaza, 5 zintza eta 1,50 metrorekin.