Arte estudioak barrutik ezagutzeko aukera Bergarako Bolu auzoan
Bergarako Bolu auzoa artisten lantegi eta topalekua da. Herriko hamahiru artistek euren estudioak zabalik izan zituzten atzo, bigarren aldiz ospatu duten ate irekien jardunaldian. Hurbildu zirenek, orain arte egindako obrez gain, artisten tailerrak ezagutzeko aukera izan zuten, baita eurekin hitz egin eta nahi zituzten galderak egiteko ere.
Ane ARRUTI | BERGARA
Hiru kale baino ez ditu Bergarako Bolu auzoak. Herritik aldapa gora egin behar da bertara heltzeko. Auzoa aski ezaguna izan arren, gutxik ezagutuko zituzten, ordea, hango etxepetako lokalek gorderik dituzten harribitxiak. Arte estudioak elkarren segidan aurkitzen dira Aranerreka kalean. Margolariak, eskultoreak, zeramikalariak eta argazkilariak. Bakoitza berean, sorkuntzaren unibertsoan murgilduta.
Lan hori ezagutarazteko eguna antolatu zuten atzo bigarren urtez jarraian. Ez, ordea, normalean egin ohi duten moduan, amaitutako lanak bakarrik erakutsiz. Euren arte-faktoriatako ateak ireki eta sekretu guztiak bistaratu zituzten. Kolore zipriztinez zikinduriko lurrak, pintzelez betetako potoak, zizel eta mailuak... Jende andana hurbildu zen bai Bergaratik bai inguruko herrietatik ere, txorizo egosiz eta txakolinez lagunduta bergarar hauek erakusteko zutena ezagutzera. «Banekien hemen goian zerbait bazela, baina ez nuen halako estudio mordoa espero», zioen herriko emakume batek harrituta.
Nazioarteko proiekzioa
Bergarako hamahiru artista izan ziren atzo ate irekien jardunaldian parte hartu zutenak: Peio Alberdi, Juanjo Altuna, Santi Arrieta, Anton Arrillaga, Ricardo Azkargorta, Benito Cantero, Bingen De Pedro, Xabier De Zerio, Jose Agustin Gurrutxaga, Luis Laskurain, Javi Ugalde, Ione Telleria eta Marilu Unzurrunzaga.
Atzoko eguna bisitak jasotzeko aprobetxatu bazuten ere, ez dute atsedenik hartzen. Momentu honetan Tarragonako Tortosa herrian erakusketa bat martxan daukate Alberdik, Azkargortak, De Pedrok eta De Zeriok, beste artista euskaldun batzuekin batera. Gurrutxagak eta Canterok hil honen 30ean inauguratuko dute Bergarako Aroztegi aretoan «20 urte hegaletan» izeneko argazki erakusketa. De Pedrok egun hauetan Madrilen ospatzen ari den Art-Madrid feria garrantzitsuan ditu beste hiru gipuzkoarrekin batera bere zenbait lan. Laskurain berriz, New Yorkera joatekoa da aste gutxi barru eta ondoren bira bat egingo du Amerikako zenbait herrialdetan. Gainontzekoek ere badituzte dagoeneko zenbait hitzordu Miami eta Parisen, eta Euskal Herrian ere izango dira datozen hilabeteetan.
Artista eta irakasle
Askotan euren lanean buru-belarri sartuta eta estudioetatik atera ere egin gabe irudikatu ohi ditugu artistak. Ez da Bergarako hauen kasua behintzat. Atzokoan euren lantegietako ateak ireki eta jendeari eguneroko lana erakusteaz gain, artista hauek gehienak irakasle dabiltza Bergara bertan eta inguruko herrietan, Arrasaten edo Elorrion esaterako. «Gero eta handiagoa da eskaera», zioen Ricardo Azkargorta margolariak. «Teknologia berrien agerpenarekin jendeak ez dakizki marrazketa teknikak eta interesa mantentzen da. Erretiroa hartutako asko ere animatzen da klaseetara etortzen». Argi dagoena da jarraipena behintzat, ziurtatuta dutela.
Jende andana bildu zen Aranerreka kalean inprobisatutako erakusketara. Gehienak harrituta ikusi zuten euren etxetik hain gertu egiten den eta ezagutzen ez zuten lana.
Atzoko jardunaldian parte hartu zuten gehienek, euren lanak egiteaz gain, irakasle moduan dihardute inguruko herrietan. Eskaera gero eta handiagoa omen da.
Gehienek Bolun bertan daukate arte estudioa. Gainontzekoek ere harreman estua dute auzoarekin. Denek dute ondokoaren lanen berri eta giro polita dutela ziurtatu zuten. «Hemen inguruan gabiltzanez, elkarrekin joaten gara kafea hartzera, eta uneoro kontaktuan gaude. Gure artean ez daukagu pikerik, bakoitzaren lana oso ezberdina baita. Estilo berdinean arituko bagina, ez dakit hain ongi eramango ote ginatekeen», esan zuen txantxa artean Luis Laskurainek. Gustura azaldu ziren denak, «jendeak egiten duguna ezagutzea pozgarria da benetan».
A.A.