GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Beñi Agirre Euskara irakaslea

Gu guztion dirutik

Aurki ehunka milioi euro gastatuko dizkigute Gaztelako Alfontso VIII.aren balentriak kontatzeko. Kontatuko digute 1199an, Gasteiz zazpi hilabetez setiatu ondoren suntsitu egin zuela; gero, 1200ean, Araba, Gipuzkoa eta Amezkoan barrena sartu zela Hondarribiraino eta inbasio armatuaren bidez euskaldunok genuen erresuma izaeradun estatuko lurraldea bitan banatu zuela, egitandi hori Antso VII.a Indartsua musulmanekin Marokon zen bitartean egin eta handik gutxira Gaztelako gorteek Erromako enperadorearekin batera Antso VII.a Navas de Tolosako gudaldian almohadeen kontra borrokatzera behartuko zutela (Jaen, 1212). Geroztik, historiografia espainiarrak Antso VII.ri geratu zitzaion Nafarroako erresumaren ipar-ekialdea kate astun batez zamatua du.

Zortziehun urte pasa izanagatik ere, gerra estrategiek bere horretan diraute; hau da, Israelek Gazan egin berri duen bezalaxe, guri ere, lurraldea banatu egin ziguten gaztelarrek garai hartan, gaur egun Nacional I errepide nagusiaren zauri-marra berberetik banatu ere. Aitzakia, gaztelarrek artilea Europara bidaltzeko behar zuten bidea irekitzea izan omen zen, baina benetan bilatzen zena nafarron Erresumari itsasoratze bidea moztea izan zen; Erromako Eliza Katolikoak, berriz, fundamentalismo eta integrismo gaitzak jota, Europako erlijio aniztasunari amaiera ematea nahi izan zuen eta ez digu inoiz barkatu Antso VII.a musulmanen lagun izatea.

Hirurehun urte geroago, 1512an, Albako dukea guda-buru zutela eta mendebaldeko zenbait manupeko berriren laguntzari esker, armak eta gurutzea eskuan berriro ere, sartu ziren gaztelarrak Nafarroa Garaia eta Beherean. Beste gertaera honetan ere, 500 urte geroago, espainiarren balentria kontatuko digute. Sanzek dioen moduan, «1512an gertatu zen Gaztelari gehitzea, egungo Nafarroako Foru Erkidegoa eta espainiarra osatzeko». Nafarroa Beheretik kanporatu egin zituzten, baina hegoalde osoari eutsi egin zioten. 1659an, errege franko-espainiarrek lurraldearen banaketa sinatu zuten Irunen, handik hegora Espainiarentzat eta gainerakoa frantsesentzat.

Ez dago zalantzarik testuinguru honetan bakarrik ulertu eta argitu daitekeela gaurdaino dirauen gatazkaren krudeltasuna. Beste kontu bat da interesa, interes politikoa eta ekonomikoa, alegia. Jakina, gaur egun Madrilen interesa ez da artilearen pasabidea ziurtatzea, baizik eta hemen jasotzen dituen eta totolotzeko balio dieten zergak biltzea. Baina hori ere bada gure interesa, nafar guztiona. Guk ez dugu zalantza izpirik, gaur egungo Europaren testuinguruan nafar estatua zena berriro egituratuz gero, orain baino lehiakorragoa izango da. Ez, guk ez dugu zalantzarik horretan, beraiek ere ez, horregatik gauzkate kate motzean helduta, sakabanatuta, zigortuta, itota, dirua bahituta eta abar, eta abar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo