GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Josu Astrain Unanua administrazioan Euskaraz Taldea

Gizarte Segurantza eta errotulu elebidunak

Administrazioan Euskaraz taldeak Gizarte Segurantzaren jokabidea salatu nahi du.

2006ko urriaren 30ean, Nafarroan Estatuko Administrazioaren Langileen Batzordeak Iruñeko Nafarroa Behereko etorbideko Ezgaitasunak Baloratzeko Zentroan obrak egin behar zirelako, akordioa helarazi zion erakunde horretako Lurralde Zuzendaritzari: errotulazio berria (barnekoa zein kanpokoa) elebidun jartzeko eskatzea, jendeari harrera egiteko izateagatik eta, gainera, Nafarroa osoko jendea hartzen duelako (nahiz eta eremu mistoan izan).

Abenduaren 20an, Gizarte Segurantzako Lurralde Zuzendaritzak horrela erantzun zion: «Obretan ez da errotulazio berria sartzen, baina zeharka errotuluren bat aldatu behar bada, elebidun jartzekoa baloratuko da».

2008ko azaroaren 19an, Langileen Batzordeak bere protesta adierazi dio, azkenean kanpoko errotuluak berritu baina gaztelania hutsean paratu dituelako.

1999ko irailaren 17ko Errege Dekretuak hizkuntza koofiziala duten erkidego autonomoetan horrelako kartelak elebidun izateko agintzen du. Nafarroak hizkuntza koofiziala badu, zati batean soilik bada ere. Ofiziala den eremu horretako jendeari ere ematen dio zerbitzua Ezgaitasunak Baloratzeko Zentroak. Baina arauak euskaldunon kaltetan interpretatu behar omen dira.

Administrazioan Euskaraz taldeak Gizarte Segurantzaren jokaera hori salatu nahi du, euskaldunon aurkako egintza horregatik (bere langileen ordezkarien borondatearen aurka, gainera).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo