GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Bigarren mailako Binakako Txapelketa

Ezusteko emaitzek saltsa gehiago ipini dute platerean

Pronostikoek kale egin zuten Getarian nahiz Mungian eta orain lau bikote daude garaipen banarekin.

p039_f01.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Lehen mailako Binakako Txapelketa berdinduta baldin badago, badirudi bigarren mailako lehiaketa ere bide bertsutik joango zaigula. Atzo bertan amaitu zen bigarren jardunaldian, bi bikotek bakarrik lortu dute aurreneko partidan lortutako garaipena errepikatzea eta beste bi izan dira txapelketako aurreneko garaipena eskuratu dutenak. Ezusteko galantak ere izan dira gainera zenbait partidatan.

Inor gutxik espero zuen, esaterako, Del Rey eta Galarza VI.a galtzen ikustea. Baina oraindik eta gutxiago, 4 tantoan geratzea. Aurrelari errioxarra bere mailatik oso urrun aritu zen igandean Mungian eta Xabier Galartzak ezin izan zuen ezertxo ere egin. Aratz Mendizabal eta Ibai Zabala, aldiz, oso txukun ibili ziren eta dagoeneko bi garaipen pilatu dituzte sailkapenean.

Iker Arretxe -Olaetxearen ordez- eta Jokin Argote ere faborito moduan irten ziren ostiral gauean Getariako Sahatxaga pilotalekura. Baina argi geratu zen zergatik ezin izan zuten lehen jardunaldiko neurketa irabazi. Argotek pilota asko galdu zituen eta hurrengo partidan bere lekua Iza bizkaitarrari uztea erabaki du. Kontrakoa gertatu zitzaion Luis Cabrerizo soriarrari, aurreneko partida galdu ostean, Getarian sekulako tantoak egin baitzituen.

Azkenik, Saralegi-Apraiz eta Berasaluze IX.a-Urberuaga bikoteek, ongi landutako garaipenak lortu dituzte eta sailkapenaren goiko aldean kokatuta daude.

Datorren asteburuan jokatuko den hirugarren jardunaldia bi zatitan banatuta dator. Ostiralean bi neurketa jokatuko dira Iscarren (Valladolid) eta Zornotzan. Astelehenean, berriz, beste bi neurketak jokatuko dira Tolosan, jaialdiko aurrenekoa eta hirugarrena. Aurreneko zuloak sor daitezke.

Pascual, lider berria

Lehen mailako txapelketari dagokionez, berriz, Aritz Begino eta Sebastien Gonzalez izan dira hirugarren jardunaldiko pilotaririk onenak Euskadi Irratia Sariko epaimahaikideen iritziz. Bi pilotariok 58 puntu batu dituzte asteburu honetan, Iñigo Pascualek baino sei gehiago (52). Abartzuzako atzelaria da, hain zuzen ere, sailkapen nagusiko lider berria, 148 punturekin, Abel Barriola (146) eta Sebas Gonzalezen (139) aurretik. Aipagarria da Beginok 114 puntu bildu dituela bi jardunaldi bakarrik jokatuta. Laugarren jardunaldiko lehen material aukeraketa gaur egingo dute Titin-Pascual eta Berasaluze-Begino bikoteek Zornotzan.

Bestalde, Asegarceko Iñigo Diaz aurrelari nafarrari atzo bertan egin zioten ebakuntza Bilbon, eskuin eskuko laugarren hatzean zuen haustura sendatzeko. Enpresak jakinarazi zuenez, ebakuntza ongi joan zen eta pilotaria hilabete barru jokatzeko prest egotea espero dute.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo