GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Errepresio elektorala?

Gobernu espainolak espekulazioak moztu nahi izan ditu, negoziazioaren ateak itxita daudela adieraziz. Ezker abertzalea defentsiba jarrera batera eraman nahi izan dute, jakin badakitelako gogotik egin diela aurre hurrengo hauteskundeei

Zer esan daiteke errepresioaz? Ba ote dago hondarreko 50 urteetan esan ez denik? Ez dut uste. Dena esanik dago, eta bost hamarkadetako porrotak agerian uzten du esaten ahal denaz gain, errealitate nabarmen bat dagoela: errepresioak ez du lortu euskal jendartearen askatasuna eskuratzeko borondatea neutralizatzea. Haizeak badu hitzak astintzeko ohitura; errealitateak, berriz, ez daude haizearen menpe.

Baina, zergatik orain? Sarekadak errepresioaren logikarik gabeko logikan uztartzen dira. Ez dute, beraz, arrazoi zehatz baten beharrik. Hau egia izanik ere, ikasi dugu Garzonen honelako sarekadak helburu politiko jakinekin lotzen direla. Demokrazia 3 Milioi plataformako bozeramaile bat atxilotu izanak argibide batzuk ekartzen dizkigu. Izan ere, hauteskundeetatik hain gertu izanik, oso esanguratsua da noiz eta orain atxilotzea pertsona hauek.

Bestalde, hainbat komunikabidek azpimarratu dute sarekadaren ezaugarritasun elektorala. Baten batek esan du helburua dela zerrendak legez kanpo uzteko erraztasunak ematea. Horrela izan ala ez, denok ulertu dugu nahita sartu nahi izan dutela sarekada hauteskunde aurreko giro honetan.

Ikusi ondotik denok bizkor, jakina, baina errepresio kolperen bat espero zitekeen. Zergatik? Arrazoirik ez zen falta. Lehena, ezker abertzaleak oihartzun mediatikoa berreskuratu izana. Bigarrena, Bilbon egiten ari zen epaiketaren bukaera eta ondorioz etorri zen negoziazioaren aukeraren berrindartzea. Hirugarrena, Gasteizko Parlamentua osatzeko hauteskundeetan subiranotasunaren aldeko indarrak islatzeko egin diren saioak. Ahantzi gabe, jakina, ezker abertzalearen baitan eragiteko saioen porrota.

Bilboko epaiketa bukatu zen Gobernu espainolak nahi zuen moduan. Hobe esanik, gaitz erdiko bilakatu zen formula batez. Baina gaitz erdi eta ongi ez dira sinonimoak. PSOEk negoziazio politikoaren gaineko eztabaida galarazi nahi izan zuen. Ezeroso zegoen Madrilgo Gobernua eztabaida horretan. Alde batetik, elkarrizketaren alde agertu behar zuen, Lopez eta Ares babesteko eta PP nahiz beste ultraeskuindar taldeen erasoei aurre egiteko. Bestetik, elkarrizketaren kontra hitz egin behar zuen, horixe baita gaur egungo mezu ofiziala. Eskizofrenia hutsa: ongi egin nuen eta berriz ere eginen nuke, baina ez dut inoiz ere eginen...

Epaiketaren bukaerak izan zuen eraginaz kezkatu zen Gobernu espainola. Konponbide politikoaren gaineko eztabaida moztu nahi izan zuten, baina absoluzioak konponbide horren beharra azpimarratu zuen. PSOEk ezin izan du absoluzioa errentabilizatu gaur egun duen jarreragatik. Ibarretxeren marketin operazioa erori zen. Ezker abertzalea, berriz, ez zen gaizki atera; bere militante epaituak zigorrik gabe atera zitzaizkion, eta bere eskaintza politikoa berrindartu zuen jendartearen aurrean.

Gobernu espainolak espekulazioak moztu nahi izan ditu, negoziazioaren ateak itxita daudela adieraziz. Ezker abertzalea defentsiba jarrera batera eraman nahi izan dute, jakin badakitelako gogotik egin diela aurre hurrengo hauteskundeei.

PSOEkoak martxoko hauteskundeetan gerta daitekeenaz beldur dira? Hau da beraien erreakzioa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo