Arantxa Zabala eta Patxi Alaña Iruña Oka argitzeko Koordinakundearen izenean
Iruña Oka argitu dezagun
Ostrakak gezurrezkoak izateko aukera handiak badaudela onartuta ere, egiazkoak izateko arrazoiak ere ez dira falta: datazioak, topatu diren lekua (estratuak), gaztelaniaren sorrerari buruzko bestelako teoriak... Beraz, Aldundiak beste zuzendaritza bat sar dezake Iruña Okan, baina Lurmenekin batera lan egiteko
Arabako Foru Aldundiak Iruña Okako indusketez arduratzen zen Lurmen enpresari lana egiteko baimena kendu dio, Eliseo Gil eta bere taldea publikoki gezurtitzat hartu ditu eta mediatikoki sekula konpondu ezingo den irudia sorrarazi du. Eta hori guztia egiteko, gaur egun, ez dakigu funtsezko arrazoirik egon den ala ez, zalantza izugarriak daudelako:
a) Datazioak ez dira berriz egin. Orain arte, laborategi hauek egindako datazioen arabera ostrakak orain 1.700 urte inguru egindakoak dira: Geochron (Cambridge-Massachussets), Gröningen Unibertsitatea (Holanda), CEA-CNRS (Frantzia) eta Adirondack (Euskal Herria). Gaur egungo zientziak aukera ematen du zeramika batean egindako idazkun bat oraintsu edo orain ehunka batzuk urte egin den jakiteko. Zergatik ez dira datazioak berriz egin nahi?
b) Aldundiko Batzordeko kideak ez dira Iruña Okara joan gauzak ondo aztertzera: ostrakak zein leku zehatzetan aurkitu diren, kokapenak, estratuak... Normala al da, lan hori sakonki aztertu nahi izan eta egindako indusketak ikustera ez joatea?
c) Harremanik ez da egon batzordekideen eta arkeologoen artean. Batzordeko kideak ez dira hamar arkeologoekin egon, gauzak ondo aztertzeko: egindako lan arkeologikoa, jarraitutako prozedurak, eta abar. Txostena irakurrita eman dute euren irizpidea. Ez al zen ezinbestekoa langile horiei guztiei galdetzea, haien lanari buruzko emaitza eman baino lehen?
d) Alegazioak egiteko epea epaiaren ostean jarri dute. Prozesu serio batean, indusketak bisitatzeaz gain, arkeologoak elkarrizketatzeaz gain eta datazioak berriro egiteaz edo berresteaz gain, azken txostenak denon esku jarriko ziren berriro, azken erabakia hartu baino lehen, Eliseo Gilek erantzuteko aukera izateko. Kasu honetan ez da horrela egin eta epaia eman ondoren (kaleratu, eta langabeziara) alegazioak emateko epea jarri dute. Eliseok aurkeztuko dituen alegazioek, lintxamendu mediatiko honen ostean, zerbaiterako balioko al dute orain?
e) Filtrazio asko egon da, eta isilpean zaintzekoa, zabaldu egin dute. Jendeari informazio osoa ukatu zaio bi urtez, baina azken asteotan lau filtrazio eta gehiago izan dira gai honen gainean, iritzi publikoa «moldatzen» laguntzeko. Horrez gain, batzordekide batek bere hitza ez du bete, isilpekoa zaindu ordez, zabaltzean. Halako portaera onargarria al da honelako prozesu batean?
f) Txostenei buruz esandakoa eta argitaratutakoa. Gaurko egunez txosten batzuk Interneten eskura jartzen hasi dira. Horietako bat kimikaria den batzordekidearena da. Aldundiko agerpen publikoan, ostraketan kola aztarnak agertzea faltsuak direla esateko erabili zen. Txosten hori irakurri berri dugu eta ez dago kolari buruzko aipamenik. Txostenak aldatu al dira agerpen publikotik orain argitaratzen hasi diren arte?
g) Faltsifikazioak egiazkotzat hartzeko egiten dira normalean. Arkeologian, artean edo bestelako jardueretan, faltsifikazioak egiazkotzat har daitezen egiten dira. Beraz, zentzurik ba al dauka iruzur egile batentzat hainbeste hitz, horietako asko gaztelaniaz eta banaka batzuk italieraz eta irlanderaz idazteak ostraketan?
Zalantza horien guztien aurrean, honako eskaera hau egiten diogu Arabako Foru Aldundiari:
Idazkunen datazioak berriz egiteko beste laborategi batzuetan eta gai honetan gaitasun handiena duten adituek eginda.
Lurmen enpresarekin duen hitzarmenari jarraipena ematea. Ostrakak gezurrezkoak izateko aukera handiak badaudela onartuta ere, egiazkoak ere izateko arrazoiak ez dira falta: laborategien datazioak, topatu diren lekua (estratuak), gaztelaniaren sorrerari buruzko bestelako teoriak, eta abar. Beraz, Aldundiak beste zuzendaritza bat sar dezake Iruña Okan, baina Lurmenekin batera lan egiteko.
Informazio eta eztabaida epe luze bat irekitzea. Bi urteko epean eta material guztia Interneten bidez denon esku jarri ondoren, aurkitutako hitz eta ostrakak egiazkoak izan daitezkeen ala ez aztertzeko nazioarteko eztabaida publiko eta irekia sustatzea. Lehenbizi, maila arkeologikoan atera beharko lirateke ondorioak eta, bigarren maila batean, gai honi dagozkion gainerako jakintza arloetan.
Ostrakak behar bezala babestuta egotea, etorkizunean egin litezkeen datazioak berriz egin ahal izateko, horiek gure ondarearen pieza garrantzitsuak izateko aukera artean badagoelako.
Testu hau Iruña Oka argitzeko Adierazpena da. Urtarrilaren 17an, gai honi euskal kulturaren eta zientziaren ikuspuntutik irteera egokia emateko Koordinakunde bat sortu dugu Gasteizen. Orain arte informazioa ezkutatu da (ostrakak, bi hilabetez txostenak...) eta eztabaida zabal, ireki eta kontrastatua egin beharrean, lintxamendu mediatikoa baino ez dugu ikusi.
Koordinakundeko kideok euskaraz eta euskal kulturaz kezkatzen diren herritar guztiei Adierazpen hau izenpetzeko gonbita egiten diegu (Irterneten egin daiteke: www.iruñaoka.net), zientziak eta arkeologiak merezi dutelako.