Ohorezko Maila
Bera Bera eta Ordiziaren artekoa igandera pasa dute
Anoetako estadio txikian neurtuko dira Gipuzkoako Kopa jokoan dutela.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Eguraldi txarra baina giro bikaina espero da igande eguerdian Donostian Spyro Bera Bera eta Ampo Ordiziaren arteko partidan. Zikloia dela-eta, larunbatean jokatzekoa zen norgehiagoka 12.00etan hasiko da bihar Anoetako estadio txikian.
Derbia garrantzitsua izango da bi taldeentzat. Liga honetan lehen zatia nahiko eskasa egin dute etxekoek, baina badirudi bigarren itzulian gauzak hobeto egin nahi dituztela, eta hasi behintzat, ondo hasi dira, irabazi egin baitzuten lehen jardunaldian Getxoren zelaian, eta horrek indarra eman behar die.
Ampo Ordizia, berriz, denboraldi bikaina egiten ari da. Azkeneko jardunaldian ere estu eta larri hartu zuten liderra, Madril taldea, alegia, baina azken minutuetan egindako huts batzuk tarteko, puntu bakar bat ere eskuratu gabe geratu ziren. Hala ere, Donostiako neurketa berezia da, etxean bezala aritzen dira, ordiziar asko eta asko joaten baita hiriburura, eta donostiarrenak baino, beraien zale gehiago biltzen da han.
Biharko norgehiagokarako, ordea, baja garrantzitsua dute goierritarrek, Gray ez baita jokatzeko moduan izango. Madrilen aurka min hartu zuen, eta ezinezkoa izango du igandeko partida jokatzea.
Ligako neurketa garrantzitsua izateaz gain, Gipuzkoako Kopa ere jokoan izango dute, eta irabazteak balio bikoitza izango du biharko derbian. Alde batetik Ligako lau puntuak izango dira jokoan, eta Gipuzkoako Kopa.
Ligako beste euskal taldeak ere, Getxo Arteak, bihar izango du bere norgehiagoka, eta 12.30etik aurrera Cajasol taldearen zelaian jokatuko du, Sevilan, alegia. Partida zaila izango dute horiek, baina azkeneko norgehiagoka etxean galdu ostean, garrantzi handia izango dute gaurko puntuek.
Partida zaila izan arren, gutxienez puntu bat eskuratzea ere oso baliagarria izango da getxotarrentzat. Lehen zati ona egin dute, eta bigarren itzulia ere bide beretik joateko itxaropena dute.
European Challengen, berriz, Avironek Viadanaren zelaian jokatuko du gaur, 19.00etatik aurrera. Baionarrek ez dute zer eginik lehiaketa honetan, jadanik ez baitute aurrera egiteko inongo aukerarik, baina lehiaketa garaipen batekin amaitu nahi dute. Lehen itzulian italiarrek irabazi egin zuten Baionan, eta min handia egin zien euskaldunei. Dena dela, gaurko partidarako gutxien jokatzen duten jokalariak izango dute hasierako minutuetatik jokatzeko parada.