GARA > Idatzia > > Kirolak

SOKATIRA

Bost talde lehian 640 kiloko txapelaren bila

J.L. | DONOSTIA

Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketa abian jarriko da gaur arratsaldean, 17.00etatik aitzina, Abadiñoko probalekuan. Bertan hasiko da lehiaketa, eta bertan banatuko da lehenengo txapela, saio bakar batera jokatuko baitute 640 kilotako taldeek. Gaur erabakiko da, beraz, pisu horretako onena zein den.

Abadiño A, Abadiño B, Amaiur, Ñapurrak eta Uztaritze lehiatuko dira bertan. Bi bizkaitar, bi lapurtar eta nafar bat. Abadiño da lehiaketa hau irabazteko faborito nagusia, baina ez pisu honetan bakarrik, baita gainerako guztietan ere.

Gaurkoan beren zaleen aurrean egongo dira eta ez dute hutsik egingo. Helburua, ordea, handiagoa da, beraien helburuetako bat izango baita lehenengo bi postuetan sartzea bi taldeak. Horretarako aurkaririk gogorrena Ñapurrak taldea izan liteke.

Gaurkotik aurrera ere aldaketa handirik ez da izango, betiko taldeak arituko baitira lehian. Lapurdik izango ditu ordezkaririk gehien, lau talderekin, eta ondoren Nafarroak, birekin. Bizkaiak bat seguru izango du, eta Sokarriren parte-hartzea zalantzan dago. Gipuzkoarra ere bakarra izango da lehiaketa honetan, eta Arabak, Zuberoak eta Nafarroa Behereak ez dute bat bera ere izango, betiere mutilen mailan.

Nesketan pisu bakarra jokatuko da, eta taldeak hiru izango dira. Nafar bat, gipuzkoar bat eta arabar bat. Nesketan, hiru saio egingo dituzte, eta 500 kilotan arituko dira Badaiotz, Girizia eta Beti Gazte taldeak.

Mutiletan, gaurkoa lehen eta azken jardunaldia izango da 640 kilotan. 680koa ere jardunaldi bakarrera jokatuko dute, baina hori otsailaren 14an izango da. Pisu horretan, Abadiño A, Abadiño B, Auzolan, Lagunak, Amaiur eta Uztaritze neurtuko dira.

Pisurik arinenean, 560koan, alegia, hiru jardunaldi jokatu beharko dituzte, eta bertan Abadiño, Ñapurrak, Berriozar eta Amaiur izango dira. Sokarrik lehiaketan parte hartzea erabakitzen baldin badu, pisu honetan parte hartuko du.

600 kilotan eta hiru jardunaldi izango dituzte, eta honako hauek parte hartuko dute: Abadiño, Ñapurrak, Berriozar, Amaiur, eta Baiona. Pisu honetan ere Sokarriren zalantza geratzen da.

Txapelketa gaur hasi, eta martxoaren 28an amaituko da, baina tarte horretan asteburu batean ez da lehiaketarik jokatuko, egun horretarako nazioarteko lehiaketa bat antolatu baitute Abadiñon. Zehazki, martxoaren 7an izango da hori, eta nazioarteko talde batzuk jadanik lotuta ditu, lehiaketa antolatu duen Abadiñoko taldeak.

Lehiaketari begira jarrita, garbi dago Abadiño izango dela berriro ere txapel guztiak lortzeko faborito nagusia. Bizkaitarrak pisu guztietan lehiatuko dira, eta dena irabazteko helburuarekin hasiko dira. Amaiur eta Ñapurrak izan daitezke aurkaririk gogorrenak, nahiz eta horrelako lehiaketetan ere agertzen diren ezusteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo