GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Binakako Txapelketa

Urruntasunari aurre eginez

Olaizola II.a-Mendizabal II.a eta Olazabal-Barriola bikoteek Iscarreraino joan beharko dute partida jokatzera.

p047_f03_97x72.jpg

Imanol CARRILLO | DONOSTIA

Duela urte batzuez geroztik gertatzen den bezala, Euskal Herriko mugetatik kanpo jokatu beharko dute gaurko partida Olaizola II.a-Mendizabal II.a eta Olazabal-Barriola bikoteek (Iscar, 17.45ean), Binakako Txapelketaren barnean.

Hasi baino lehen, partida bi faktorek baldintzatuta datorrela dirudi. Alde batetik, pilotalekuaren urruntasuna dela-eta -6.500 biztanle dituen Valladolideko Iscar herrian jokatuko baitute-, materiala partida hasi aurreko unean aukeratu beharko dute pilotariek.

Bestetik, jokoari ekin aurretik jokalariek beste arazo bati ere egin beharko diote aurre: meteorologoek egun hauetarako iragarri duten zikloia.

Norgehiagokari berari helduz, nahiko partida orekatua izatea espero da, sailkapeneko lehenengoen eta laugarrenen arteko hau. Gonzalezek eta Barriolak oso joko erregularra egin dute orain arte, hiru garaipen lortuz. Baina asteazkenean jakin ahal izan zenez, Azkaineko aurrelariak ezin izango du jokatu, eskuineko belaunean duen lesioa dela-eta. Haren ordez Mikel Olazabal gaztea arituko da.

Aspekoak badu gutxieneko esperientzia txapelketa honetan, iragan urtean Patxi Eugi ordezkatu baitzuen. Hala ere, espero zen mailatik urrun aritu zen, zenbait arrazoi tartean izan zirelako. Lasa III.arekin batera jokatutako lau partidetan ez zuen garaipenik lortu. Beraz, nafarrak beste aukera bat izango du gaurkoan, eta ziur egon ahal duen guztia emango duela kantxa barruan.

Barriolak jokatzen duen bakoitzean maila bikaina eskaintzen jarraitzen du. Gaurkoan lan bikoitza hartu beharko du, ordea. Partida irabazten saiatzeaz gain, bizkartzain lanak inoiz baino hobeto bete beharko ditu, behintzat, pilotalekua betez gero, han bilduko diren 660 ikusleren animoak entzun eta sentitu nahi baditu.

Behetik gora

Aimarrek eta Oierrek osatzen duten bikoteak -egungo txapeldunek-, aldiz, ez zuen oso ondo hasi aurtengo txapelketa, baina bigarren partida galdu ostean, badirudi euren maila berreskuratzen ari direla bi pilotariak.

Horiek horrela, urruntasunak edota materialaren aukeraketa gaur bertan egiteak ezin du aitzakia izan lau pilotariontzat. Iscarreko pilotalekuan bilduko diren jarraitzaileak pilota partida ona ikusteko desiratzen egongo dira eta ezin zaie huts egin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo