GARA > Idatzia > Kirolak > Eibar

Goitik beherako aldaketak egitera behartuta

p041_f02.jpg

A.U.L. | BILBO

Helburuak inoiz baino argiago dituela bidaiatu du Eibarrek Tarragonara. Sekulako zailtasunak izan ditzakeela ere jakinaren gainean, dena den.

Joan den igandekoarekin jaitsierako postuetan kokatu ondoren, beren ibilbidea goitik behera aldatzera behartuta daude gorri-urdinak. Bai azken asteotan osatu dutena -puntu bakarra hiru partidatan-, baita, eta batez ere, denboraldi hasieratik etxetik kanpo erakutsi dutena. Bost puntu besterik ez ditu lortu talde gipuzkoarrak egindako hamar bidaietan, eta horren isla zuzena da sailkapena bera.

Jokoari dagokionez ere aldaketaren bat egin beharko dute eibartarrek, Jerez eta Gironaren aurka partida ederrak jokatu ondoren -hala ere, garaipenik ez lortzeko-, irudi kaxkarra eskaini baitzuten joan den igandean, eta porrotaren zigorra jaso.

Carlos Pouso entrenatzailea ez zen taldearen jokoagatik haserre agertu, baina argi dauka «gauzak ondo eginda ere», asko kostatzen zaiela irabaztea. «Hobetzera behartuta gaude, beraz».

Aldaketarik izango ez duena -edo behintzat, askorik ez- hasierako hamaikakoa da. Izan ere, Castelloren aurka aritu zena zelairatu lezake Tarragonan ere, Jon Urzelaik ahal izan baitzuen bidaiatu. Oñatiarra ez badago jokatzeko moduan, Pousok Anibarro kokatuko du defentsan, Carmelori titulartasunaren ateak zabalduz.

Deialdian, bestetik, Natxo Insa eta Alvaro Martinez sartu dira aspaldiko partez. Ustekabea, hala ere, hutsuneek ekarri dute, bigarren astez Carlos Pousok deialditik kanpo utzi baitu Ibon Larrazabal.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo