GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Hego Euskal Herriko langabezia tasa kezkagarria, errealitate ezkuta ezina

Finantza krisia Europara ez zela iritsiko esan zutenetik, administrazioetako arduradunak, errealitateak horretaratuta, mezua aldatuz joan dira. Aurreikuspenak okerretik okerragora joan dira; hala ere, egoera txarra dela onartuta ere, besteena okerragoa dela esateko joera izan dute. Hala agertu ziren Estatu espainoleko Gobernuko kideak, beren ekonomia krisiari aurre egiteko besteak baino hobeto prestatuta zegoela esan zutenean, Europako aurreikuspenek goitik behera gezurtatuko bazuten ere. Hala adierazi izan du behin eta berriz Lakuako Gobernuak, eta berandu gabe, errealitateak oso bestelako zenbakiak eman ditu. Izan ere, Lakuak Eustatek egindako inkestaren araberako datuak erabili izan ditu, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan langabezia tasa %4,6koa dela diotenak; baina, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren (EPA) datuen arabera, langabezia tasa 8,2koa da hiru herrialde horietan. Askok hauteskundeen hurbiltasuna ikusi dute Lakuako Gobernuaren jokaera horren atzean; nolanahi ere, berriro ere benetako egoera nekez ezkuta daiteke, horrenbeste herritarrek haren ondorio gogorrak jasaten dituztenean.

EPAren datuek Hego Euskal Herriko lan merkatuaren egoera larria erakusten dute. 2008ko azken hiru hilabeteetan 24.300 langabe gehiago izan ziren, denetara 113.700 izateraino. %8,3ko langabezia tasa Hego Euskal Herriko egoera ekonomiko eskasaren adierazle da, eta Nafarroari dagokionez, langabezia tasa 8,1ekoa bada ere, egoera kezkagarria da oso, langabe kopurua %93,6 hazi baitzen joan den urtean.

Horiek guztiak zenbaki hutsak dira, baina horien atzean milaka langileren egoera gordina dago. Europar Batasunaren aurreikuspenen arabera, zenbateko horiek handitu egingo dira, eta horrekin batera, langileen egoera kezkagarria. Administrazioetako arduradunei entzuteak beste leku batzuetan okerrago daudela nekez arinduko du langile horien guztien arazoa. Hazkunde ekonomikoa beste lekuetan baino handiagoa izango dela iragartzeak ere nekez kontsolatuko ditu, langabezia beste lekuetan baino gehiago emendatzen dela ikusita.

Langabeziak horren nabarmen gora egitea krisiaren ondorio da, bistan da. Hala ere, krisiari aurre egiteko neurrien lehentasuna langileak ez direla ere argi dago. Eta enplegu galtze hori onartutako erregulazio espedienteen ondorio ez ezik, sindikatuek behin eta berriz salatu duten enplegu eskasaren ondorio ere bada, aldi baterako kontratu asko ez baitituzte berritu.

Enpresariek, bitartean, krisia eurak beste inor baino gogorrago kolpatuko balitu bezala, laguntza gehiago eskatzen dituzte, baina lanaldia murriztea edo etekin tartea murriztea lekarkeen edozein neurri ez dute entzun ere egin nahi. Eta administrazioek logika horretan jokatzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo