GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Berangon emakume batek jasandako sexu erasoa salatzera dei egin du ezker abertzaleak

GARA |

Hilaren 17an, larunbatean, emakume batek sexu erasoa jasan zuen Berangon. Horren aurrean, ezker abertzaleak dei egin du gaur, eguerdiko 13.00etan, Sabino Arana kalean kontzentrazioa egitera.

Emakumeak herriko diskoteka batean ezagutu zuen erasotzailea eta elkarrekin abiatu ziren beste taberna batera. Etxera bueltatzeko asmoz autorantz joan zirenenean, gidariak landa baterako bidea hartu zuen. Orduan, emakumeari lapurreta egin zion, eta sexu harremanak izatera behartu zuen. Erasoaren ostean, beste gidari baten laguntzari esker, emakumea Sabino Arana kalera bueltatzen ari zenean, erasotzailea diskoteka batean sartzen ikusi zuen. Ordu batzuk geroago mutila atxilotu eta epailearen aurrera eraman ostean, Basauriko kartzelan espetxeratu zuten. Sexu erasoa jasan zuen emakumea Gurutzetan artatu zuten.

Zapalkuntza patriarkala

Berangon aurreko larunbatean jazotakoaren aurrean, ezker abertzaleak «gogor arbuiatu» ditu halako erasoak. Ezker abertzalearen esanetan, Euskal Herrian «emakumeon indarkeria sexistaren aurkako adierazpen asko nozitu behar izan ditugu: erail gaituzte, bortxatu, mehatxatu eta jipoitu egin gaituzte». Halako erasoak «zapalkuntza patriarkalaren» ondorio zuzena direla argitu zuen Berangoko ezker abertzaleak, eta nabarmendu zuen ez direla eraso «isolatuak». Eredu patriarkalaren ondorioz, «diskriminazioaren eta sexuen arteko botere harremanen erakusle latzak» gertatzen direla ere adierazi zuten. Udalak izan duen jarrera ere salatu dute: «Gure herriak bizi duen larritasun handiko gertaera honen aurrean isilik geratu da». Hala, herritarrak informatu ez eta «gaitzespena eta erantzuna» jendaurrean adierazi ez duen Udalaren jarrera salatu du ezker abertzaleak.

Bestalde, Donostiako Udaltzaingoak eta epaile batek ikerketa bat abiatu dute Donostia egunean izandako bortxaketa baten egilea harrapatzeko. Izan ere, emakume batek salatu du egun horretan, goizaldean, etxerako bidean zihoala ezezagun batek eraso egin ziola, etxeko atarian, eta aurpegian kolpatu ostean bortxatu egin zuen. Kolpeen ondorioz, emakumeak zaintza medikuak behar izan zituen, eta salaketa jarri zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo