GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

El Diario Vasco | Jesus Mari Mendizabal 2009/1/20

Euskal Herria

País Vascoa eta (barka!) inguru abarra (esan nahi baita, Nafarroa eta Iparraldea) Euskal Herria izenaz ageri deneko mapak, berak argitara emandako guztiak, zuzendu (sic) egingo omen ditu Europar Batasunak. Hutsegite teknikoa izan omen da: error técnico. Partido Popularreko José Javier Pomes Ruiz izeneko euro-parlamentariak altxatu du, agidanean, erbia (...): Euskal Herria izena ez omen da zilegi, no es válido, zergatik?, eta indarreko (sic) legedi espainola urratzen omen duelako; zergatik?, eta proiektu politiko zital batekin lotua omen dagoelako, alegia, Navarra eta Frantziako parte bat País Vascoari uztartu nahian dabilenarekin; zergatik, eta, gainera, ETAren helburu omen delako.

Gure hau Euskal bada, baldinbaitere!, batzuen batzuok euskaldun gaudelako; eta (barka, ene ba!) Herria ere bada, izan nahi dugulako, batzuen batzuok bederen; ez kastillano eta frantses bezainbeste, onean, baina bai bezainbateko, munduan. Zer nor dira, gero, deabru ostiok, oilo demokrata bustiok, auzo-herritar malapartatu guztiok, amorru-orroz gure borondatea ukatzeko, gure izana deuseztatzeko, gure izena ere legez kanpo uzteko?

Eta (barka, azkenez) gomendioak ematen hasita, Pomes Ruiz jaun-edo delakoari izena alda dezala esango genioke, koherentziaz, ja!, bere kide maite kastillanoen artean lotsagarri ez ibiltzeko. Javier etxe-berri baita; euskara, hortaz; eta, ai ene!, ETAren helburutako bat! José Casanueva, agian?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo