Berria | Koldo Aldabe 2009/1/24
Politika
Politika egin bide politikoetatik. Baina politika egin nahi, eta kartzelara bide judizialetik. Baina zuk politika egin bide politikotik, eta nik politika egingo dut lege bidetik, bide judizialetik, polizialetik eta kartzela bidetik zuk politika egin ez dezazun.
Bide armatua gaitzets ezazu, eta bide politiko soila erabil ezazu. Eta nik bide politikoa etengo dizut bide armatuaren bitartez, eta armatua eteten saiatuko naiz bide armatuaren bitartez.
Baina bide politikoa etenik baldin bada, zein bide geratzen da itxi gabe?
Desobedientzia.
Eta zein bidetatik doa desobedientzia? Politikotik? Armatutik?
Zortzi lagun atxilotu zituzten atzo, herritarrei uzten zaien bide politiko bakanetakoa jorratzen laguntzen ari ziren zortzi lagun.
Bide politikoa Garzon jeneralaren agindupeko soldaduen armen bidez itxia. Espainiako Auzitegi Nazionala Auzitegi Gorenari aurreratu zaio orain ere.
Eta hori politika al da? Ala gerra? Esan dezatela behingoz.