GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ikastolek etapa berri bati hasiera eman diote batzarrean

1950eko hamarkadan abian jarritako ikastolen mugimendua etapa baten helmugara ailegatu da, eta orain bertze aro luze bat irekiko du. Horren erakusgarri izan zen atzo Donostian egindako VI. Batzarra, 350 ordezkari elkartu zituena. Ikastola guztiak erakunde batean bazkidetuta biltzen dituen Europar Kooperatiba da berrikuntzarik handienetakoa.

Maider IANTZI |

Euskal Herri osoko 101 ikastolatako 350 ordezkarik aho batez onartu zuten atzo «Ikastolak orain eta gero» txostena, Donostiako Miramon Teknologia Parkean egindako VI. Batzarrean. Bi ordu pasa iraun zuen bileraren ondotik, adostasun zabal hori mugimenduaren sendotasunaren isla dela adierazi zuten Koldo Tellitu lehendakariak eta J. Iñaki Etxezarreta zuzendariak. Txostenak biltzen dituen lau puntuak, ikastola-eredua, Euskal Curriculuma, antolaketa kolektiboa eta plan estrategikoa, onetsi zituzten bozketan.

Donostiako saioa irailaren 27an Hendaian egindakoaren jarraipena izan zen. Orduan aurkeztu zuten etorkizuna markatzeko, eztabaidatzeko eta adosteko dokumentua, eta tarte honetan bertako ideiak aztertzen eta zuzenketak egiten aritu dira. Horiek jaso eta azken proposamen ofiziala prestatu zuten, atzo onetsi zutena.

Non ikusi nahi du ikastolak bere burua? Non jarriko ditu indarrak eta gogoak? Eredua ikertuz, garatuz eta berrituz, 2020. urterako proiektua osatu dute. Epe luzeko misio honetan, bi elementu bereizi dituzte. Alde batetik, hezkuntza zerbitzua, hau da, Euskal Curriculuma, hizkuntza, teknologia, kultura eta abar biltzen dituena. Bestetik, egin nahi dutenaren nolakotasuna edo antolaketa, planteamendu ideologikoarekin koherente izan behar duena.

Arlo honetan urrats kualitatibo bat emateko beharra ikusi dute, gaurko funtzionamendua hobetzeko; errazagoa eta eraginkorragoa izateko, ikastolatik hurbilago aritzeko eta parte-hartze zuzenagoa ahalbidetzeko. Behar dituzten zerbitzuak denentzat, denonak eta hobeto eskainiak izatea dute xede. Erakunde argia nahi dute, ulertzen erraza kanpokoentzat eta etxekoentzat, aitzindaria, buru bakarrekoa. Honen harira, ikastola guztiak bazkidetuko dituen Europar Kooperatiba berria eratu dutela nabarmendu zuten (ekainean izanen du izaera juridikoa). «Hezkuntza zerbitzuak, ekonomikoak... erakunde bakar batean bateratuko dira eta ondorioz eraginkorragoak izatea espero dugu», azaldu zuten.

Baina, urrun samar dago oraindik 2020a eta bitartean pausoz pauso ibili beharra dago. Plan Integralaren bidez, hemendik bost urtetarako helmuga jarri dute.

Auzolanaren balioa

Atzoko batzarra bi ikasturte osoren emaitza izan zela azpimarratu zuen Koldo Tellituk: 48 saio kolektibo egin dituzte, bertze 284 saio partikular eta orotara 1.300 ordutik gora eman dituzte. Lan honek guztiak baieztapen «sentitu» bat egitea ahalbidetu die: «Etapa luze bat bukatu da, sortze unetik gaurdainokoa. Ikastolak sortu, hazi eta garatu dira eta gaurkoarekin baditugu tresnak etapa luze berri bati ekiteko». Aro honen adierazle bat belaunaldi aldaketa nabaria dugu, bai familietan eta bai profesionalen eremuan. Datu bat aipatzearren, bost-sei urte barru egonen diren irakasleen %60k ez dute prozesu historiko hau bizia izanen. Euskal nortasunari buruz, azaldu zuten etorkizuneko eta gaurko belaunaldiak ez direla soilik euskaldun; gutxienez hiru hizkuntzaren jabe dira. Indar berezia eginen dute hizkuntzan, teknologian, ikuspegi zientifikoan eta, batez ere, kultur identitatean. Askotariko jendeak euskal kultur modernoa eraikiko du, ez da estatikoa izanen eta bertze ikuspegi bat emanen du.

Aitzineko etapan ikasi duten gauzetako bat auzolana da, «elementu demokratikoa izateaz gain, berritzeko eta aurrera egiteko balioa ematen duena». Jakinarazi zutenez, gero eta gehiago eskatzen da lankidetza, elkarrekin bizi eta lan egiten dakiten pertsonak. «Hori da ikastola», laburbildu zuten.

baldintza egokiak

Erakunde eta antolaketa kolektibo bakar hori sendotuko dutela baieztatu zuten, baldintza egokiak daudelako. «Hori irabaziko dugu, baina, tartean, gizarte errealitate honen araberako erantzunak emango ditugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo