GARA > Idatzia > > Ekonomia

Laborantza Ganberak mila hautetsiren eta auzapez ugariren babesa lortu du

Euskal Herriko Laborantza Ganberak lanean jarraitu behar duela aldarrikatzeko kanpainak babes handia lortu du Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako gizartean: mila hautetsik, auzapezen %56k, hamaika kontseilarik eta 7.429 herritarrek eman diote sostengua egiturari.

p022_f01199x132.jpg

Ainize BUTRON |

«Mobilizazio azkarra sortu da abenduaren 13ko biltzar nagusia geroztik», adierazi zuten Laborantza Ganberako kideek atzo, hilabetez lorturiko sostengu handia goraipatu nahian.

Horien artean, auzapez eta hautetsien babesa nabarmendu nahi izan zuten. Izan ere, Euskal Herriko Laborantza Ganberak bizi eta bakean lan egiteko eskubidea duela aldarrikatu dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako mila hautetsik. Beste laurogeita zortzi auzapez, hots, Ipar Euskal Herriko %56, ere egituraren alde azaldu dira.

Erantzun horrek beraien baitan sortu duen harridura nabarmendu zuen Andre Darraiduk. «Prefetak auzapezei helarazitako gutunak aurkako eragina izan du, alkate asko izenpetzera motibatu baititu», azaldu zuen. Paueko Pirinio Atlantikoko Kontseilu Nagusiko hamaika kontseilariren sostengua ere lortu zutela gehitu zuen.

Herritarren sostengu zabala

«Prefeta Gobernuaren esanak errespetarazteko dago hor, baina jendartearen erranak entzuteko ere bai, bereziki auzapezenak, beraiek baitira herritarren ordezkari zuzenak», ohartarazi zuen. Mixel Berhokoirigoinen aurkako auzia egiteko lau egun eskas geratzen direla-eta, atzoko prentsaurrekoa sinboloz bete nahi izan zuten egiturako ordezkariek. Ehun lagunez inguraturik azaldu ziren, eta, guztiek izenez osaturiko zerrendak agerian jarri zituzten, orotara 7.429 herritarren sostengua lortu zutela goraipatzeko. Sostengu kanpaina «ehunen deien» osaketan banatu dute. Sektore, auzo edo herrika banatuz joan den abenduaren 13an ekimena abiatu zutenetik, hirurogeita bost dei osatzea lortu zutela jakinarazi zuten; hala nola Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako langileen deia, irakasleena, Atalante zinema aretoko deia, ehun gazte laborarien deia, BABko saltzaile eta artisauen deia edo Makea eta Jatsuko deiak biltzen dira bertan.

«Laborarien ehunen deia ELB sindikatuaren ohiko sostengua baino harago joan da. Sindikatuko bazkidetza bazterrera utzi eta laborariek Euskal Herriko Laborantza Ganberak bere leku osoa baduela jakinarazi nahi izan dute», argitu zuten.

Abiaturiko dinamika horrek jendea elkartzea zuen helburu, eta, auzia bete arte jarraituko zuela gaineratu zuten.

Auziaren egunean auzitegira bertaratzeko deia

Atzo egindako prentsaurrekoa bereziki Mixel Berhokoirigoini zuzenduta zegoen. «Ez etortzeko eskatu diogu, ekitaldi honen bidez ostegunean berarekin egonen ginela adierazi nahi izan baitiogu», adierazi zuen Marise Cachenaut EHLGko lehendakariordeak. Eta, ondoko ostegunean auzitegira bertaratzera dei egin zien herritar guztiei. «Baionak ez du sekula hein horretako mobilizazio bat ezagutuko auzitegiaren aitzinean», nabarmendu zuen. Mixel Berhokoirigoinen defentsan hiru abokatu izango dira auzian. Corinne Lepage Estatu frantseseko Ingurumen Saileko ministro ohi eta abokatua izango da horietariko bat. Eta, harekin batera, Joseph Montier Alenzoneko abokatu eta laborarien zuzenbidean adituak, eta, Jean-Renée Etxegarai Baionako abokatu eta hautetsiak defendituko dute auzipetua.

Auzitegiaren aurrean ordu bata eta erdietan elkarretaratzera deitu zituzten herritarrak. Bertan, hitz-hartzeak eginen dira, eta hiru eta erdietatik goiti Moderno trinketean kokaturiko karpa batean jarraituko du ekitaldiak. «Debatea lasaitasunean iragatea nahi dugu. Gaur jasaten dugun erasoari, orain arte egiten aritu garen bezala argudioekin erantzungo diogu», bukatu zuen Cachenautek. A.B.

Beldurra

«Zertaz beldur dira?», galdetu zuen Marise Cachenautel Laborantza Ganberak jasaten dituen erasoak gogora ekarri ondoren. Denborak eta gertaerek erakutsiko dutela «nor den zilegi lan egiteko», gaineratu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo