GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

BEREZKOAK

Kurutxarik eta Etxetok iragarpenak bete egin dituzte

Jon LEUNDA | PAUE

Andde Kurutxarik eta Thierry Etxetok aurreikuspenak bete egin dituzte eta Berezkoen Bakarkako Txapelketan final- laurdenak jokatzeko txartela eskuratu dute.

Sarrera ona izan zuen Paueko trinketak bi norgehiagoka ikusteko, eta zaleek bi partida ezberdin gozatu ahal izan zituzten. Andde Kurutxari faborito garbia zen Lanberten aurkako partidan. Azken honek ezustea eman zuen lehen kanporaketan Alfaro menderatuta, baina herenegun gauean ez zen horrelakorik gertatu.

Kurutxarik berehala hartu zuen abantaila eta zuloa eginez jarraitu zuen, 35-21 jarri zen arte. Orduan erritmoa jaitsi egin zuen, eta Lanbertek markagailua itxuratu ahal izan zuen. Amaieran 40-31 irabazi zuen Kurutxarik. 70 minutu iraun zuen partidak, eta markagailua honela ibili zen: 12-4, 20-11, 30-17, 35-21 eta 40-31. Kurutxarik 11 tanto egin zituen saketik, eta lau besterik ez Lanbertek. Kurutxarik final-laurdenetan Sorhuet izango du aurkari, eta otsailaren 2an jokatuko dute partida hori Donibane Garazin.

Beste kanporaketa ederra izan zen. Harizmendik eskuetan zenbait arazo izan du azkenaldian, baina maila ona eman zuen, nahiz eta Etxetok aurreikuspenak bete zituen, eta 40-35 irabazi.

Neurketa orekatua izan zen, inork ezin izan zuen partidan zehar bestea erabat menderatu, eta aldaketak ere dezente izan ziren markagailuan. Neurketa, 33-33ko berdinketaren ostean hasi zen erabakitzen, Etxetok 5-0ko partziala sartu baitzuen, eta Harizmendik erreakzionatu zuen arren, ez zitzaion partidari buelta emateko tarterik geratu. Etxetok 15 kintze egin zituen saketik, eta hiru falta. Harizmendik 10 kintze egin zituen, eta falta bat. Markagailua honela joan zen: 1-5, 10-10, 11-11, 12-12, 20-14, 22-22, 23-22, 23-23, 23-26, 32-32, 33-33, 38-33 eta 40-35. Etxetok Ozafrain izango du aurrean final-laurdenetan, otsailaren 2an, Donibane Garazin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo